Talibanek Afganistan bere gain hartu dutela-eta, Getxoko Udalak horren inguruko Adierazpen Instituzionala egin zuen atzo. Udal-talde guztiek bat egin zuten testuagaz, EH Bildu izan ezik, abstenitu egin zelako.
Koalizio abertzaleak dioenez, adierazpen horrek ez du konpromiso zehatzik Udalak errefuxiatuak har ditzan, eta salatu du popularrek horiek hartzearen aurka "argi eta garbi" dagoen artean, "adierazpen horrekin itxurakeria" egin duela.
Horrez gainera, nazioarteko komunitateak Afganistanek bizi duen krisian duen erantzukizuna aipatzen ez dela nabarmendu du EH Bilduk. Era berean, Ongi Etorri Errefuxiatuak domeka honetarako, hilaren 19rako, antolatu duen elkarretaratzerako deia egiten saiatu direla azaldu dute koaliziokoek, baina adierazpenean horri erreferentzia egiteari uko egin diotela deitoratu dute: "Nahiago dute adierazpen hutsak onartu, konpromiso zehatzik hartu gabe. Guk argi daukagu: igandean 12:00etan Ereagan elkartuko gara!".
Adierazpen instituzionala, osorik, hitzez hitz
Hogei urte igaro ondoren eta Kabul hartu eta gero, talibanek euren garaipena aldarrikatu dute eta berriz ere boterea lortu dute Afganistanen, gerra krudel baten ondorio den boterea. Une hauetan, AEBko tropak herrialdetik erretiratu direnetik, gertaerak azkartu egin dira.
Afganistanek bizi duen egoera dramatikoa da, eta administrazio guztien premiazko esku-hartzea behar du, biztanleria zibilaren eskubideak eta babesa bermatzeko, bereziki emakumeen eta haurren moduan larriki mehatxatuta dauden taldeena.
Giza Eskubideen aurka egindako eraso guztiak gaitzesten ditugu, eta Afganistango agintari berriei nazioarteko lege humanitarioak zorrotz errespetatzeko eta babesteko eskatzen diegu, bai eta herritar guztiek eskubideak eta askatasunak erabiltzeko izan behar duten eskubidea ere.
Nazioarteko komunitate osoari dei egiten diogu irmotasunez eta batasunez joka dezan mehatxu terrorista globalari aurre egiteko orduan, herrialde hori erakunde terroristen babesleku bihur ez dadin edo nazioarteko terrorismoaren plataforma gisa erabil ez dezaten, eta oinarrizko giza eskubide guztiak errespetatzen direla bermatzeko.
Nazio Batuei dei egiten diegu, baina baita gainerako herrialdeei eta, bereziki, Europar Batasunari ere, giza balio unibertsalak defenda ditzaten eta egoerak eskatzen duen mailan egon daitezen, biztanleria zibilari laguntza humanitarioa emanez, tokian bertan eragile humanitarioen presentzia eta parte-hartzea ziurtatuz eta etorkizun itxaropentsuago berri baten bila euren herrialdetik aske atera nahi duten Afganistango errefuxiatuen nazioarteko harrera erraztuz.
Horregatik guztiagatik, Getxoko Udalak:
- Eusko Jaurlaritzari eta Estatuko Gobernuari jakinarazten diegu erarik zintzoenean lankidetzan jarduteko prest gaudela eta euren eskura jartzen ditugula dauzkagun eta gure lurraldera etor litezkeen afganiar herritarren beharrak bideratzeko balio dezaketen gizarte-, hezkuntza- eta beste edozein motatako baliabideak.
- Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzak dituen baliabide propioetatik nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzako plazak eskaini diezazkiola Gobernu Zentralari, eta Gobernu Zentralak nazioarteko babesa eskatzen dutenei harrera egiteko dituen plaza libreak erabil ditzala.
- Eusko Jaurlaritzak 2018. urteaz geroztik bultzatutako SHARE proposamena Europako agendan sartzeko eskatzen dugu. Proposamen hau bizi dugun migrazio-erronkaren aurrean erantzunkidetasunaren printzipioa aplikatzera eta islatzera bideratuta dago. Erantzunkidetasunaren printzipioa aplikatzeak erantzuna partekatzea esan nahi du, gizarte inklusiboak eraikitzera bideratutako konpromiso arduratsu baten bidez.
- Nazioarteko babesa behar duten pertsonak gurean sartzeko legezko bideak areagotzea eta dibertsifikatzea premiazkoa denez, Gobernu Zentralari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu jarrai dezatela Euskadin aitzindaria den Babes Komunitarioa bezalako programak bultzatzen. Babes Komunitarioa programak aukera ematen die herritarrei errefuxiatuen harreran eta integrazioan zuzenean parte hartzeko.
- Gobernu Zentralari eskatzen diogu Euskadin bizi diren 45 afganiarrekiko elkarrizketa indartzeko, euren senitartekoen datuak jaso ahal izateko eta familiak berriz elkartzeko.
- Afganistango emakume eta kolektibo ahulenek giza eskubideen arloan jasan duten atzerakadari arreta berezia jartzeko eskatzen dugu, horien harrera erraztuz, hala eskatuz gero.
- Afganistango egoerak larriagotu duen krisi humanitarioari aurre egiteko inoiz baino premiazkoagoa da migrazio-fluxuak humanizatzea eta igarobide seguruak ahalbidetzea. Horretarako korridore humanitarioak eskatzen ditugu, iheslari guztientzat ibilbide seguruak bermatzeko, baldin eta iheslari horiek euren herrialdeak utzi behar badituzte jazarpenagatik, gerragatik edo giza eskubideen beste edozein urraketagatik.
- Aurreko guztiaren ondorioz, gure udalerriaren ekintza gidatzen duten balioak defendatzeko konpromisoaren erakusgarri, berriz aldarrikatzen eta deklaratzen dugu Getxo Errefuxiatuekiko Hiri Abegikorra dela, eta Afganistango errefuxiatuen aldeko erakundeek antolatzen dituzten ekintzetan parte hartzera gonbidatzen ditugu herritarrak.