Udaltzaingoak 500 litro alkohol baino gehiago atzeman ditu Areetan, sare sozialen bidez "elkarretaratze" deia detektatu ondoren

Erredakzioa 2021ko ira. 20a, 16:36

Getxoko Udaltzaingoa, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udaltzaingoak 500 litro alkohol baino gehiago konfiskatu zituen zapatuan, hilak 18, sare sozial ezagun baten bidez gazteen artean “elkarretaratze” baterako deia atzeman ostean. Gainera, Ertzaintzagaz lankidetzan, hainbat adingabe identifikatu zituzten alkohola edateagatik, bi borroka-saiakera neutralizatu zituzten eta ostalaritzako bost lokal salatu zituzten indarrean dagoen araudia ez betetzeagatik.

Udal-iturrien arabera, bertako zein kanpoko herrietatik etorritako mila gazte inguru bildu ziren zapatuan Areetan, sare sozialen bidez egindako hitzordu baten ondoren. Deialdi horren berri izanik, udaltzainek, Ertzaintzagaz lankidetzan, prebentziozko eta aurrez aurreko dispositibo bat ezarri zuten auzo horretako hainbat tokitan.

Poliziaren prebentzio-lanaren ondorioz, honako jarduketa hauek egin ziren:

  • 500 litro alkohol baino gehiago konfiskatzea eta suntsitzea, bide publikoan makro-botiloi bat egin nahian zeuden gazteei.
  • 9 bozgorailu kentzea bide publikoan jaiak egin gura zituzten gazte-talde batzuei (gehienak Xake plazan eta Ibaigane kalean).
  • 4 adingabe identifikatzea –14 eta 17 urte bitartekoak– alkohola edateagatik. Horietako batek laguntza behar izan zuen ospitale batean, eta beste hiruren kasuan, gurasoak bila joan behar izan ziren, agenteek abisatu ondoren.
  • Gazte askok parte hartzen zuten 2 borroka-saiotan esku hartzea eta neutralizatzea, eta biak eragin zituzten pertsonak identifikatzea.
  • Ostalaritzako 5 lokal salatzea, indarrean dagoen araudia ez betetzeagatik.

Gainera, Udaltzaingoak izapideak hasi ditu, alde batetik, gimnasio batean kalteak eragiteagatik eta, bestetik, bizikleta bat lapurtzeagatik. Bi kasuetan, gertakariakaz zerikusia izan dezaketen pertsonak identifikatu dituzte.

Udalak behin eta berriz azpimarratu du banakako eta taldeko erantzukizunez jokatu behar dela, eta gogorarazi du ezarritako oinarrizko babes-neurri sanitarioak bete behar direla.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun