Urriaren 1etik 3ra

Gaur eman diote hasiera Getxoko Komiki Azokari

Erradakzioa 2021ko urr. 1a, 16:07

Aurten, aurrekoetan ez bezala, azoka aire zabalean izango da. © GETXOKO UDALA.

Urtebeteko hutsunearen ondoren, gaur, barikuan, bueltatuko da Getxoko Komiki Azoka Areetako Xake plazara, domekara bitartean. Oraingoan, baina, ez da karparik egongo, eta 40 saltoki egongo dira.

Bederatzigarren artearen munduak derrigorrezko hitzordua izango du aste-akabu honetan Getxoko Komikiaren Azokan, eta askotariko eskaintza komertzial eta ekintza ugari izango dira bertan. Iaz Azoka ez zen egin eta, horren ordez, komiki jardunaldiak antolatu ziren, osasun egoera zela eta. Hala ere, aurten, bere ohiko kokapenera itzuliko da, Areetako Geltokia plazara, hain zuzen ere. Bertan, oraingoan karparik gabe, 40 saltoki egongo dira; besteak beste, komiki-dendak, liburu-denda espezializatuak, argitaletxeak eta fanzineak bilduko dira. Halaber, Romo Kultur Etxean ere ekintzak egingo dituzte: hitzaldiak, tailerrak, mahai-inguruak, argitaletxeen aurkezpenak, erakusketa bat…

Aurtengo nobedade nagusia izango dira profesionalentzako tailer eta topaketak. Romo Kultur Etxeak hartuko ditu horiek urriaren 3an, eta azokaren aurkezpenean Amaia Agirre Getxoko alkateak azpimarratu duenez, "bertan, parte hartzen duten profesionalek euren ezagutzak partekatzeko eta zabaltzeko aukera izango dute". Halaber, nabarmendu du tailer  horiek Getxo Ekinez planaren barruan daudela. Udalak bultzatutako ekimen horren bitartez pandemiaren ondorioei aurre egin nahi die. Agirreren hitzetan, horien bitartez “sormen sektoreari babesa ematen diogu eta gure artisten harrobiaren aldeko apustua egiten dugu".

Bestalde, Mayte Galardi azokaren arduradunak ekitaldiaren eskaintza komertzial zabala goraipatu du, eta saltokiei eta parte-hartzaileei eskerrak eman dizkie "azokarengan erakutsitako konfiantzagatik eta komikiaren alde egindako apustuagatik". Gainera, aurtengo ekitaldiaren eskaintza "zabala eta bizia" dela azpimarratu du. 

Arlo artistikoari dagokionez, Getxok, ohi denez, egile ezagunak hartuko ditu, hitzaldietan, aurkezpenetan eta, nola ez, sinaduren txandetan parte hartuko dutenak. Horien artean Borja Crespok, Azokako programaren koordinatzaileak, Kim artista katalana nabarmendu du. El Jueves aldizkari satirikoaren orrietan agertzen den Martinez el Facha pertsonaiagatik ezaguna da, eta 2015ean Komiki Sari Nazionala irabazi zuen, Antonio Altarribagaz batera, El arte de volar elebarri grafikoari esker.

Kimek azokaren omenaldia jasoko du aurten, Ernesto Murillo Simonidesekin. Azken hori euskal komikigintzaren erreferentea da, batez ere TMEO! argitalpenean egindako lanagatik. Halaber, Azokan Santiago Sequeiros, aurtengo kartelaren egilea, eta Javier Olivares (2015eko Komikiaren Sari Nazionala, Las Meninas lanagatik) ere egongo dira. Gonbidatuen zerrenda Luis Bustos, Monica Lalanda, Alaro Martinez Bueno eta Elsa Ruizek osatuko dute.

Erakusketa

Azoka dela eta, Romo Kultur Etxeko erakusketa aretoan "Odol tinta: Banpiroari omenaldia" erakusketa izango da urriaren 1etik 24ra. Emakumezko 25 artisten lanak bilduko ditu erakusketak, horien artean, komikigintza eta ilustrazioaren munduko izen ezagunak eta etorkin handiko talentuak, esaterako, Raquel Alzate, Natacha Bustos, Mamen Moreu, Ana Oncina, Mireia Perez eta Sandra Uve.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun