Elkarrekin Getxo alderdi politikoak jakinarazi duenez, Udaleko Lurralde Informazio Batzordeak, irailaren 14an, azkenean, Udalak Aldundiak eta URAk –Uraren Euskal Agentziak– bilera egin zuten, eta Bolueko hezegunearen lehortzea geldiarazteko hartu beharreko neurriak erabaki zituzten.
Elkarrekin Getxok ur-putzua berreskuratzeko erabakia txalotu du; izan ere, zonaldearen urbanizazioaren eta akordio instituzional faltaren ondorioz, ingurua lohiz betetzen ari zen, hezegunea lehorraraziz. Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren iritzi-aldaketak "bereziki pozten" dituela adierazi dute udal-taldeko kideek, hasiera batean esku-hartze hori egiteari uko egin baitzioten.
Azaldu dutenez, koalizioak, bai Udalean bai Batzar Nagusietan ere, zenbait hilabete daramatza eskaerak eta ekintzak egiten erabaki hori azkartzeko, eta, uztailean, mozio bat aurkeztu zuen osoko bilkuran. Aho batez onartu zen mozioan Udalaren konpromisoa eskatzen zuten, gaia lehentasunez eta premiaz lantzeko.
Carolina Uribe alderdiko zinegotziak ospatu egin du azkenean lanean jarri direla, "berandu gindoazelako eta kaltea konponezina izan zitekeelako". Baieztatu duenez, "horrek erabaki garrantzitsu bat suposatu dezake inguru paregabe horren babeserako, baita bere biodibertsitatearentzako eta bertan bizi diren babestutako espezieentzako".
Aldi berea, alderdi politikotik iragarri dute "presioa egiten jarraituko dutela", Udalak, Aldundiak eta URAk, "emandako hitza bete dezaten", eta esku-hartzea negua baino aurretik egin dadin bermatzeko.