Argia Ereiten Euskara Sarientzako hautagaitzak proposatzeko epea zabalik dago

Erredakzioa 2021ko ira. 24a, 09:46
2020ko Argia Ereiten Euskara Sarien irabazleak. © GETXOKO UDALA

Datorren urriaren 12ra arte aurkeztu ahalko dira Argia Ereiten Euskara Sarien XII. lehiaketarako hautagaitzak. Ekimenaren helburua da euskararen erabilera babestea, sustatzea edo hedatzeko zereginetan nabarmendu diren erakunde, elkarte edo pertsona fisiko nahiz juridikoak goraipatzea.

Getxoko Udalak antolatzen dituen Argia Ereiten Euskara Sarien deialdi berri bat zabaldu dute. Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 12ra arte egongo da zabalik. "Familian, kuadrillan, kultur, kirol eta abarreko elkarteetan euskararen alde egunero zerbait egiten duen pertsonak aurkeztera, herriaren esker onaz jaso ahal izateko", nabarmendu du Irantzu Uriartek, Euskara zinegotziak.

Hautagaitzak aurkezteko fitxa euskara@getxo.eus helbidera bidal daitekeela azaldu dute udal-iturriek. Posta arruntez ere bida daiteke Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzura (Foru kalea 1. 48992 Getxo); bestela, www.getxo.eus/euskara webgunean dagoen formularioa ere bete daiteke. Saria Ibon Garagarza eskultore getxoztarraren lan bat izango da.

Aurreko sariak

Lehen edizioaren irabazlea Laura Lapeyra izan zen. Saridunak Juan Bautista Zabala ikastetxeko Gurasoen Elkartean euskararen erabileraren alde egindako lanagatik jaso zuen saria. Bigarrena Bittor Egurrolarentzat izan zen, bizitza osoa hizkuntza sustatzera dedikatzeagatik; hirugarrena San Nikolas ikastolarentzat, bere 50. urteurrenean euskarazko heziketan burututako lanagatik; laugarrena Nahikari Ayorentzat, udalerriko ikastetxeetan bertsolaritzaren alde egindako lanagatik; bosgarrena Gobela Ikastolarentzat, bere 50. urteurrenean; seigarrena Josu Esnaola eta Alfredo Lopez de Gereñu euskaltzaleentzat, euskararen alde egindako lana, eta bereziki udalerrian duela 20 urte baino gehiago abian jarritako Berbalaguna aitortzeko, zazpigarrena Goñi familiarentzat, Getxogaso gasolindegian egindako lanagatik, zortzigarrena Getxo Aixerrota Boleibol Kirol Taldeari, bere kirol jardueran euskara sustatzeagatik; bederatzigarrena ALBErentzat 1980an sortu zenez geroztik euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik, eta hamargarrena Maren Goienaga Madariaga, C.D. Galea Senior A taldeko entrenatzaileari, klubaren barruan euskara sustatzeagatik, eta iaz Victoria Bengoa, Josu Larrañaga eta Armando Llamosasi, toponimia ibilbideen diseinuan eta edukien lanketan egindakoagatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun