Kukulaisi euskaltzaleen topagunea sortu dute, "euskarazko aisialdia artikulatu eta garatzeko"

Erredakzioa 2021ko ira. 27a, 17:08

Elkarte berriko partaideak, zapatuan Elgoibarren egindako agerraldian. © TOPAGUNEA

Kukulaisi euskaltzaleen topagunea eratu dute, Euskal Herriko 14 euskara elkarte batuta, tartean, Getxoko Bizarra Lepoan. Euskaltzaleen Topagunean biltzen diren eta aisialdia lantzen duten taldeek egindako hausnarketaren emaitza da hori, tokian toki euskarazko aisialdia lantzeko egitasmoak artikulatu eta garatzeko xede izango duena.

Guztira 14 euskara elkarte batu dira Kukulaisira, lehendik ere euskarazko aisialdi egitasmo sendoak dituzten elkarteak. Ondokoak izan dira lehen txanpan federaziora batutako elkarteak: Usurbilgo Noaua! euskara elkartea, Getxoko Bizarra Lepoan euskara elkartea, Hernaniko Dobera euskara elkartea, Euskarabentura elkartea, Gasteizko Geu elkartea, Ordiziako Hitzaro euskara elkartea, Bergarako Jardun euskara elkartea, Atarrabiako Karrikaluze euskaldunon elkartea, Lasarte-Oriako Ttakun kultur elkartea, Arrasateko Txatxilipurdi elkartea, Deustuko Berbaizu euskara elkartea, Durangoko Berbaro euskara elkartea, Elgoibarko Izarra euskaltzaleen elkartea eta Soraluzeko Pil Pilean euskara elkartea. Horiez gain Euskaltzaleen Topagunea eta Kultur Kabia aisialdiko zerbitzu enpresak ere parte hartu dute Kukulaisi topagunearen eraketan.

Taldearen sorreran euskara elkarteen mugimenduko elkarte eta eragileak batu badira ere, euskarazko aisialdia garatzen dituzten bestelako elkarteei ere zabalik dagoela azpimarratu dute Kukulaisi euskaltzaleen topagunearen ordezkariek. Era berean, lehen eratze batzarrean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako elkarteek parte hartu badute ere, taldea Euskal Herri osoko eragileak biltzeko sortu dela nabarmendu da.

Eratze batzarraren hitz hartzeetan euskarazko aisialdiak hizkuntzaren garapenean duen garrantzia azpimarratu dute. Azaldu dutenez, hezkuntza formalak duen funtsezko papera ahaztu gabe, "aisialdia adin guztietako pertsonen sozializazioan ezinbesteko elementua da, eta hizkuntzaren normalizazioan ere ekarpen handia egiten du". Horregatik, aisialdi arloan egiten diren proiektu anitzen artikulaziorako eta garapenerako tresna modura aurkeztu da federazio berria.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun