Portu Zaharreko arrantzalearen eta sardina-saltzailearen eskulturak aldatuko dituzte

Erredakzioa 2021ko ira. 30a, 15:08

Eskultura bien gaur egungo egoera.

Sardina-saltzailearen eta arrantzalearen gaur egungo eskulturak hormigoiz eginda daude, eta horien ordez altzairu urtuz egindako beste batzuk jarriko ditu Getxoko Udalak, haien kontserbazioa bermatzeko. Zazpi urte daramatzate kaltetuta.

Arrantzalearen eskultura Luis María Íñiguez Paillolerena da (Getxo, 1935-1995), eta sardina-saltzailearena, berriz, José Luis F. Butronena (Bilbo, 1933). Lehenengoak kalte handiak ditu, bai buruan baita ezkerreko besoan eta arraunetan ere, horien zati handienak galdu baititu. Getxoko Udalak jakinarazi duenez, gaur egungo eskulturak hormigoizkoak dira eta errez kalte daitezke denboraren poderioz. Hori dela eta, etorkizunean jarriko dituztenak altzairu urtuaz egiteko erabakia hartu dute.

Oraingoz, moldeak egiteko, bi monumentuak eskaneatu eta horiei argazkiak atera dizkiete, teknologia berriak baliatuta erreprodukzio zehatzak egin ahal izateko. Janire Ocio Azpiegiturak, Obrak eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, 24.000 euroko kreditu gehigarria erabiliko dute irudi berrien moldea eta galdaketa egiteko. Zehaztasun horiek guztiak eman zizkion EH Bilduko zinegotzi Mikel Bildosolari batzordean, horrek galdetu baitzuen ea zer gertatuko den eskulturakaz, denbora asko baitaramate kaltetuta; zazpi urte inguru, hain zuzen ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun