Gobelaurre Boluntariotza Zentroko lokalak erabiltzea eskatzeko epea zabalik, urriaren 7ra arte

Erredakzioa 2021ko urr. 1a, 16:17

Datorren urriaren 7ra arte zabalik egongo da Getxoko Udalaren Gobelaurre Boluntariotza Zentroan dauden lokalak aldi baterako eta espazio komunak aldi baterako jardueretarako lagatzeko eskaerak aurkezteko epea. COVID-19k eragindako salbuespenezko egoera dela eta, ebazpenak aldatu edo baliogabetu ahal izango dira.

Izaera juridiko propioagaz, etekin asmorik gabeko elkarteek eskatu ahal izango dute aipatutako tokien erabileraren ematea, Getxoko Udalean edo Eusko Jaurlaritzan erregistratuta baldin badaude eta Gizarte Zerbitzuakaz kolaboratzen badute.

Gizarte Kohesioko jarduera eremuan lan egiten duten hirugarren sektoreko elkarteentzat dira aipatutako guneak. Bestalde, noizbehinkako jardueretarako guneen erabileraren ematea ez da deialdi honetan aurreikusten, hori urte osoan zehar eska baitaiteke, eta ematea libre dagoen tokia eta ordutegiaren araberakoa izaten da.

Eskaerak administrazio elektronikoaren bulegoaren bitartez aurkeztea gomendatu dute, eta posible ez izatekoetan, Gizarte Zerbitzuek Algortan (Urgull kalean, z/g) duten egoitzan (aurretiko hitzorduarekin 944 660 151 zenbakian) entregatu ahal izango dira, edo legeak aurreikusitako tokietan ere.

Gobelaurre zentroak 463 metro koadroko azalera du eta egoitzetarako tokiak, aldi baterako jardueretarako espazioak (tailerrak, prestakuntza- ikastaroak…) eta noizbehinkako jardueretarako ere (jardunaldiak, bilerak…) ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun