Pandemiaren ondorioz, 2020ko Ibilaldi Neurtua bertan behera gelditu ondoren, 38. edizioa antolatu du datorren asterako Algortako Itxartu taldeak. Ohi bezala, helduek 16,8 kilometro egin beharko dituzte, eta, gaztetxoek –10 urte artekoek– 5,9 kilometro. Hitzorduak urriaren 12an izango dira, 07:30ean eta 10:00etan, hurrenez hurren, Algortako Batzokitik abiatuta.
Aurten, baina, COVID-19aren ondorioz, zenbait aldaketa egongo dira martxan. Izen-ematea doakoa izaten jarraituko du, baina Internet bidez bakarrik egin ahal izango da, urriaren 9ra arte. Ibilaldi bien irteera mailakatua izango da, eta amaitzean ez da hamaiketakorik egongo; horren ordez, edari eta pintxo bana hartzeko gonbidapenak banatuko dituzte, inguruko tabernetan trukatzeko. Halaber, ez da sari-banaketa ekitaldirik egingo publikoki, eta sariak banaka emango dituzte.
Ohi legez, baina, helduen ibilaldia neurtua izango da, eta, beraz, sailkapenak ematen dituen sariak eskuratu ahal izateko, izen-ematea bikoteka egin beharko da. Gaztetxoek, aldiz, herri-martxa izango dute, eta banaka egin ahalko da, sailkapenik gabe.