Murgildu egingo gara historian
oroitzapenei dale;
lur ta itsaso jardueretan
ez gara izan eskale,
hainbat soro erein ta landuz
baita arrantzatu bale.
Badaukagu txoko berezi bat
gertatuz hor hainbat ale;
Portu Zaharreko ogibide zen
sardinera eta arrantzale.
Gaur dena da ordenadorea
beti larri ta berandu,
garai berrietara moldatzea
saiatu eta ahalegindu.
Bizitza oso gogorra zela
bertakoek dute akordu,
abiadura handiko bizitzan
bertakoak gidatu ezin du,
nahiz ta besoa ta arrauna falta
nortasuna ezin kendu.
Izan zirelako izango gara
gure arbasoak biba!
eurek utzitako hondareatik
beharko genuke tira,
baliza egokia hartuta
ziaboga egin eta bira,
begi bat beti gure gainean
zaindari ta adi ari da;
talaian mendeak pasa dira
itsasoari begira.