San Martin etxean ludoteka bat sortzeko proposatu du Getxoko EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2021ko urr. 7a, 10:00

San Martin eraikina, gaur egun. © GETXOKO EH BILDU

Algortako San Martin udal-eraikinean ludoteka bat sortzeko proiektua aurkeztu du EH Bilduk. Horretarako, gainera, umeen ekarpenak jasotzeko bilera irekia antolatu du urriaren 15erako, barikurako, azpiegituraren ondoko parkean.

Koalizio abertzaleak deitoratu duenez, San Martin eraikinak urteak daramatza hutsik, Udalak horren jabetza duen arren: "Getxolan izan zenetik, eraikinaren egoerak okerrera egin du azken urteetan, Udalaren utzikeriaren eraginez". EH Bilduk hainbat alditan eskaerak egin dizkio udal-gobernuari (EAJ eta PSE-EE) eraikina eraberritu eta erabilera emateko. Gogoratu duenez, aurtengo urtarrilean bertan, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen San Martin eraikinari erabilera ematea proposatuz, eta osoko bilkurak onarpena eman zion, udal-gobernuaren abstentzioarekin. "Bada, hilabeteak igaro dira eta egoera ez da aldatu: eraikinak erabilera barik jarraitzen du, gero eta egoera okerragoan. Usategiko kafetegian gertatu den bezala, etorkizunean askoz garestiagoa izango da eraikina berriztea eta erabilera ematea", deitoratu du koalizioak.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk proposamen zehatza aurkeztu du San Martin eraikinarentzat: ludoteka handi bat sortzea bertan. "Izan ere, gaur egun, Algortak ez du ludotekarik, eta eskaria nabarmena da. Ludoteka honek lotura egingo luke parean duen parkeagaz, umeentzat eta familientzat espazio zabal bat sortuz", nabarmendu du taldeak.

Nondik norakoak zehazteko saioa

Ludoteka horren nolakotasuna erabakitzeko, saio irekia antolatu du  EH Bilduk urriaren 15erako; 18:30ean jarriko dute hitzordua, San Martin eraikinaren ondoko parkean. "Batik bat, saio horretan 6 urtetik gorako umeen ekarpenak jasoko dira, ludoteka horren ezaugarriak zehazteko. Halaber, gurasoen ekarpenak ere jasoko dira, eraikin horrek izan behar dituen nolakotasunak denon artean erabakitzeko". Behin ekarpen guztiak jasota, ludoteka horren proposamen zehatza aurkeztuko du EH Bilduk.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun