Erromatarren garaiko aztarnak, Getxon

Julen Gómez Moya 2021ko urr. 7a, 13:27

Ba al zenekien Getxon erromatarren garaiko aztarnak ditugula? Bada, joan zaitez hilerrira, eta berton topatuko dituzu. Non dauden zehazki jakin nahi duzu? Segi bada irakurtzen.

Badira hamar urte Algortako enpresa batean lan egiten hasi nintzela. Gaur egun hemen bizi banaiz ere, hasieran autoz etortzen nintzen. Beti ibilbide berdina egitera behartuta, mendi puntatik itsasoraino.

Hori zela eta, Portu Zaharrerako bidean, Getxoko Udalak turismoa sustatzeko jarritako kartelak ikusten nituen.

Egia esateko, kanpaina hori nahiko erakargarria zen: "Getxo lo tiene todo – Getxo, dena zure esku", leloak gazteleraz zein euskaraz.

Denboraren poderioz, Getxok hamaika edo mila gauza interesante duela igarri egin dut, baina une horietan, beharbada barakaldarra izateagatik, nik pentsatzen nuen… bai zera!! Ai ene! Nolakoak dira getxoztar hauek! Agian, aurreiritziz jositako pentsamoldea izango zen, baina nik harropuzkeria puntu bat hautematen nion.

Apurka-apurka, kanpaina begi onez ikusten hasi nintzen, eta kasualitatez kasualitate egun bat baino gehiagotan Hertzainak euskal musika taldearen diskoak entzuten harrapatu ninduen.

Nork ez du gogoratzen EH TXO!, euren ibilbidearen lehenengo LP-ko hasierako kanta? Hamaika aldiz entzun ondoren, lelo “leloa” edo inozoa okurritu, eta horrekin batera

kanpaina dibertigarri baten ardatz nagusia bururatu zitzaidan:

Duda barik, Garik eta Getxoko Udalak indarrak batu beharko lituzkete, EH TXO abestia birmoldatuz eta bihurtuz:

GE - TXON …… DENETARIK DU - ZU

GE … E … E ... TXON DENETARIK DU - ZU

Aldi hartan ez nuen uste Gari eta Josu Zabala bakea sinatzeko gai izango zirenik… kar, kar! Argi dago igarle bezala ez nukeela gerorik edukiko…

Tontokeriaz eta burutazioaz aparte, Algortan bizi eta lan egiten hasi nintzenean ezin nuen imajinatu hainbeste gauza ikusteko eta sorpresaz gozatzeko parada izango nukeenik.

Harridura gehien sortarazi egin didana, Getxon erromatarren garaiko aztarnak ditugula jakitea izan da.

Hau da marka hau! Bai?... Benetan? Hori posible izango ote da?

Bai horixe, egia borobila! Kristo osteko II. edo III. mendeko mosaiko erromatar bat hain zuzen ere. Agian, zuetako batzuek jadanik ezagutuko duzue, baina nik orain dela gutxira arte ez nuen ideiarik ere!

Nik egin nuen antzera, zuek ere zeuen buruei galdera bera egingo diozue, ezta? Baina Getxon, non demontre kokatuta dago erromatarren garaiko aztarnategia?

Oker zaudete! Gauzak ez doaz ildo horretatik, Historiak eta istorioek sarritan beste zirrikitu ezberdin eta kurioso batzuk dituzte eta.

Historiaren ondare hau ikus dezazuen, Getxoko Karmengo Amabirjinaren hilerrira abiatu beharko zarete. Bertan, besteak beste, kaperak eta panteoi ikusgarriak deskubritzeko aukera izango duzue, ziurrenik Bizkaiko hilobi-ondarearen multzorik inportanteenetarikoa eta haien artean, erabat ezkutaturik, “Herkulesen Lanak” mosaiko erromatarra.

Ez kezkatu! Ezkutatuta egon arren, jarraibide pare bat jaso ondoren, ziur nago erraz aurkituko duzuela.

Hilerrian sartu bezain pronto, zuen eskuinaldera begiratzen baduzue, lehendabizi ikusiko duzuena beheko argazkian agertzen den obelisko dotore eta apala izango da. Eta obelisko horren atzean, jadanik berdegunean, zulo erraldoia agerian izango duzue. Eskaileretatik jaitsi zaitezte, eta burdinazko atearen atzean erdi ilunpetan, erromatarren garaiko mosaikoari so egiteko aukera paregabea izango duzue.

Badakit zuetako askok eta askok bertaratzean kikilduta egongo zaretela, baina merezi du, benetan. Zin dagizuet!

Echevarrieta familiaren panteoia, Karmengo Ama hilerria (Getxo)

Aspalditik, obeliskoak masoneriarekin eta bide batez, aztikeria eta magiarekin lotu ohi dira. Gainera, bere geometria falikoak asko erran dezake bere jatorriaz eta sinbologia ezkutuaz. Saina hori beste istorio bat izango litzateke, eta hurrengo baterako utzi beharko dut.

"Herkulesen Lanak" mosaiko erromatarra, Echevarrieta Familiaren Panteoia

Aurreko argazkian ikus daitekeen moduan, panteoira sartzeko ateko burdinazko barrak modernoak dira, eta ez datoz bat gainerako lanekin.

Izan ere, gordinak eta arruntak dira, eta lerro zakarra dute. Noblea ez den material batez eginak daude, batez ere jatorrizkoekin alderatzen baditugu, noski!

Francisco Durriok artelan bitxia, fina eta delikatua sortu zion Horazio Echevarrietari, bere lagun eta patroiari. Egia esateko, Echevarrieta familia izan zen txikitatik gurasoekin batera "Botxon" finkatu zen artista gaztelarraren sustatzaile handietako bat.

Jatorrizko lana Bilboko Arte Ederren Museoan gordeta dago 2015etik.

Jatorrizko sarrera-atea (1930-31). Egilea: Francisco Durrio. 15/3 Zenbakidun Inbentarioa (Artes y Artes Decorativas)

Panteoiaren barruko argazkian, Francisco Durrioren beste lanetako bat ere doi-doian ikus daiteke.

Tanatorioko itxitura zuzentzen duen “San Cosme” estatua hain zuzen ere. Cosme, zalantzarik gabe, erreferentzia erlijiosoa eta patronimikoa da, izan ere, Cosme, Horacio Echevarrietaren aita, Echevarrietatarren sagaren sortzailea eta Durrioren alde egin zuen pertsona nagusia izan zelako.

Baina, nondik irten da honelako artelana?

1859.urtean, Malagako Cártama herrian, Casa Loring Markesak bereganatu zuen, berak babestutako indusketa lanetan beste erromatar aztarnen artean aurkitu ziren Herkulesen Lanen mosaikoa.

Aztarnategitik atera eta Jorge Loring-ek markesak zuen Malagako La Concepción izeneko finkara eraman zituen. Finka hau, urteen poderioz, Echevarrieta familiaren eskuetara iritsiko zen.

Noizbait, Horacio Echevarria handikiak mosaiko hori bere betiko atsedenaren lekukoa izango zela erabaki zuen eta Getxora ekarri zuen.

Gaur egun oraindik, ahots diskordante asko entzuten dira, zeinak mosaikoa Cártamara

(Malaga), antzinako Cartima hiribildu erromatarrera, itzultzeko aldarrikatzen dutenak.

Beraz, jarraitu nire aholkua, eta badaezpada, berandu izan baino lehen, ez galdu bisita egiteko aukera. Akaso, egunen baten Malagara joan beharrik ez baduzue hura ikustera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun