Getxoko Arte Eszenikoen jardunaldiek bost ikuskizun eskainiko dituzte egunotan

Iker Rincon Moreno 2021ko urr. 11a, 12:34

Getxoko Arte Eszenikoen 39. jardunaldiek bigarren asteari hasiera emango diote bihar. Urriaren 12tik 17ra, Muxikebarrik helduentzako eta haurrentzako antzezkizunak eta dantza saioak eskainiko hartuko ditu: guztira, bost ikuskizun izango dira bertan. Lan guztiak 19 00etan izango dira, hilaren 17ko haurrentzako muntaia izan ezik, 17:00etan hasiko dena. Sarrerak Kultura Gelako ohiko kanaletan eros daitezke.

Bihar, hilak 12, Yo… en un banco verde lana antzeztuko dute. Horretan, banku batean bat egiten duten lau pertsonaiaren bitartez, Utopia antzerki taldeak bizitzaren etapa desberdinei buruzko gogoeta egin du. Bertako konpainiaren lana Getxo Ekinez planaren barruan Getxoko Kultur Etxeak abiarazitako Programazio Artistikoaren deialdian hautatua  izan zen, pandemiak eragindako krisian kulturaren sektorea indartzeko xedez.

Eguenean, hilak 14, dantzaren txanda izango da, Denis Santacanaren konpainiaren eskutik. Topaketak dantza garaikidea eta flamenkoa uztartzen dituen ikuskizuna da, eta bi ezezagunen arteko ezusteko topaketa baten inguruan egiten da, normalean horrelako egoeretan jarraipena izaten ez duen komunikazio-ekintza bat garatzeko aukera ematen duena.

Hurrengo egunean, barikuan, hilak 15, Caliban Teatrok La extraña pareja komedia iparramerikarraren klasiko nagusietako bat denaren berrikuspena antzeztuko du. Emakumeak protagonista dituen berrikuspena  jatorrizkoa bezain barregarria da, eta, aldi berean, genero-estereotipoak apurtzen dituen testua da. Oraingoan, Madrilgo Kale Nagusiko apartamentu xelebre batean giltzapetuta dauden bi emakumek publikoaren barre-algarak piztuko dituzte beren desadostasunakaz, senar-emazteen arteko elkarbizitza ezinezkoagaz eta benetako sexu indartsua nor den erakusteko borroka amorratuagaz.

Zapatuan, hilak 16, Sin par dantza-ikuskizuna irekiko da, Fritsch Companyren eskutik. Esparru artistikoan aniztasuna duten pertsonen lan inklusiboaren aldeko apustua egiten du lan horrek, eta, adierazpen-lengoaien eta gorputz-hizkuntzen bidez, harreman eta lotura pertsonalak aztertzen ditu, obrako piezen ildoa baitira.

Azkenik, Jardunaldien bigarren asteko programazioa domekan amaituko da, Perez Sagutxoa haurrentzako muntaiaren eskutik. Glu-Glu konpainiaren euskarazko lan honek pertsonaia ospetsuaren benetako istorioa irudikatzen du, ipuin klasiko formatu oinarri hartuta.

Jardunaldien egitarau osoa HEMEN

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun