Hiru proposamenen eta horien ezaugarri nagusien zirriborroak lau paneletan ezagutarazi dituzte gaur, astelehenean. Panel horiek 16 metro koadroko azalera eta 3 metroko altuera duen kuboa osatzen dute, plazan bertan. Gaurtik, astelehenetik, eta urriaren 22ra bitartean, egokien iritzitako hiru proposamenetako bat bozkatu ahal izango dute herritarrek.
Gaurko aurkezpen-prentsaurrekoan Amaia Agirre alkateak nabarmendu duenez, gaur egungo Xake plaza zer-nolakoa izango den jakiteko hiru proposamenetako bat aukeratu beharko da, "eta boto gehien jasoko dituena izango da landuko duguna". Azaldu duenez, hiru proposamenek "gehiengoa" diren ekarpenetatik hartutako elementu komunak bilduko dituzte: "Gune berdeen azalera handitzea; irisgarritasuna hobetzea oro har; Gobela ibaiko pasealekuarekin lotura eta ibilbide berdearen jarraipena; argiztapena hobetzea; galtzada-harrizko zoladura zimurtsua ordeztea; estaldura partzialak baita umeentzako jolas-eremuan ere, eguzkitik eta euritik babesteko; komun publikoak; bankuak gerizpean, iturria eta zaborrontziak; eta kultur- eta kirol-jarduerak egiteko aukera, egitura iragankorrekin (karpak ez) merkatu txikiak, azokak eta halakoak egiteko, besteak beste”.
Ekarpenak
Guztiz beharrezkotzat jo diren hiru proposamenak honako hauek izan dira: berdeguneak eta zuhaitzak dituztenak egokitzea (% 80,54); haurrentzako jolas-eremua zabaltzea, naturalizatzea eta estaltzea (%51,23); eta edukiontziak lurperatzea (%46,06). Gainera, inkestatutako pertsonen %73,64k uste dute lehentasunezkoa edo nahiko lehentasunezkoa dela plaza sare berde baten parte izatea, Faduratik, Gobelako ibilguan eta Errekagane eta Nagusia kaleetan barrena, Bizkaia Zubiraino joango dena.
Erabilerei dagokienez, nagusiki berdeguneak (% 78), egonaldi- eta aisialdi-eremuak (ia %71), haurrentzako jolas-guneak (% 47,78) eta kultura- eta kirol-jarduerak (% 41,38) sortzearen alde daude inkestatutakoek.
Plaza nolakoa izatea gustatuko litzaizukeen galdetuta, % 69k esan dute partzialki estalita egotea nahiko luketela, % 24k estali gabe, % 60k eremu bereiziak izatea, % 32k eremu bakarra eta gardena, % 77,59k berdea nagusiki, eta ia % 18k zolatuta egotea.
Online eta aurrez aurreko ekarpenek ere, ildo beretik, honako hau adierazten dute:
- Ekarpenen %84,13k berdeguneen nahia adierazten dute; %66k egonaldi eta aisialdirako eremuak (bankuak, estalitako eremuak…); %26,44k haurrentzako jolasak; %25ek iturri bat; %19,95ek xakearen horma-irudia mantentzea; %15,87k adineko pertsonentzako aisialdi osasungarria…
- Erabilerei dagokienez, %29,81ek kultura-jarduerak planteatzen dituzte; %21,13k, azoka txikiak eta feriak; % 0,80k, kirol-guneak eta -jarduerak; eta %11k, karpak; aukera nagusien artean.
- Pertsona gehienek erabilera anitzeko espazioa nahi dute; berdegune, zuhaitz eta loreekin; plazaren zati bati sabaia jartzea urte osoan gozatzeko eta haurrentzako jolasak. Era berean, eskailera-mailak eta zati irristakorra kentzea proposatzen da, xakearen fatxada eraberritzea eta bidegorrien arteko lotura egitea.
Herritarren ekarpenen ideia nagusiak planteatu diren hiru proposamenetan jaso dituzte udal-arduradunek, behin betiko azken proposamenera hurbiltzeko. Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak hiru proposamenak laburbildu ditu.
Proposamenak
“Geltokiko plaza” proposamenak gunea berriztatzea planteatzen du: plaza irekia, lorategi- eta zuhaitz eremuak (%25,75) mugatua. Bere ezaugarri nagusiak, honakoak dira:
- Berdeguneen azalera handitzea.
- Erdigune garbia, topaleku modura edo bestelako jardueretarako erabiltzeko.
- Pergola berriztatzea (albo-estaldurarekin, eguzkitik eta euritik babesteko).
- Txorro-iturria berriztatzea (zoru ez labaingarria ipintzea, gaur egungoaren ordez).
- Luminaria zaharberritzea.
- Umeentzako jolas-eremuaren zati bat estaltzea, eta gune hori ibilgailuen.
- Trafikotik babestea (horretarako 5 aparkaleku kendu beharko lirateke).
“Geltokiko parkea” proposamenak plaza eraberritzea planteatzen du, parkearen antza hartuko lukeena, lorategi- eta zuhaitz-eremuak (%37,65) mugatua. Bere ezaugarri nagusiak dira:
- Inguruko gainazal berdea handitzea, lorategi-eremu berriekin.
- Erdigunea libre, topaleku modura edo bestelako jardueretarako erabiltzeko.
- Irisgarritasuna hobetzea, Santa Eugeniarekiko lotura egiten duten eskailerak kenduta.
- Oraingo iturria eta pergola kentzea.
- Egoteko gune estali berri bi.
- Umeentzako jolas-eremua handitzea, estaldura partziala ipintzea, eta ibilgailuen trafikotik babestea (horretarako 25 aparkaleku kendu beharko lirateke).
“Geltokiko hiri-basoa” proposamenak, plaza hiriaren erdigunean birika berde bihurtzea planteatzen du, %46,20ko lorategi- eta zuhaitz-eremuagaz. Bere ezaugarri nagusiak dira:
- Azalera berdea handitzea, lorategi-eremuak jarriz; horien artean egongo dira ibilbideak eta egoteko guneak.
- Lorategi-bolumen nagusia, anfiteatro natural gisakoa, eta topaleku modura edo bestelako jardueretarako erabiltzekoa.
- Irisgarritasuna hobetzea, Santa Eugeniarekiko lotura egiten duten eskailerak kenduta.
- Oraingo iturria eta pergola kentzea.
- Egoteko gune estali berri bi.
- Umeentzako jolas-eremuan estaldura-azalera handia ipintzea, eta ibilgailuen trafikotik babestea (horrek 25 aparkaleku kentzea eskatzen du).
Bozketak
Bigarren fase honetan, udalerrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiek, hiru proposamenetako bat bozkatu ahal izango dute, honako modu hauen bidez:
- Areetako Xake plazan horretarako jarriko den postontzian.
- Aipatutako egunetan Getxo Elkartegian (Ogoño kalea 1) eta Romo Kultur Etxea jarriko diren hautetsontzietan.
- https://zeugaz.getxo.eus plataformaren bidez, non hiru proposamenak ere azalduko diren.
Boto fisikoa emateko txartelak Areetan eta Itzubaltzeta/Romon postontzietan gaur bertan, hilak 11, banatu den triptikoan sartu dira, proiektatutako hiru proposamenekin batera, eta aste honetan udalerriko etxebizitza guztietan banatuko den Getxoberri argitalpenean. Boto-txartelak hiru proposamenak dituen kuboaren ondoan jarriko den karpan ere eskuragai izango dira.
Online botoek, lehen aldiz, "Zeugaz" (https://zeugaz.getxo.eus) plataforma digital berria dute, Udalak abian jarritakoa eta plaza birmoldatzeko prozesu honekin estreinatzen dena.
Behin bakarrik bozkatu ahal izango da, online edo aurrez aurre.
Hurrengo urratsa
Bozkatzeko epea amaitu ondoren, azaroko lehen astean aurkeztuko dute proposamen irabazlea, Areetako Nagusia kalea erdi-oinezko bilakatzeko jarduketa barne, Xake plazatik Santa Ana etorbideraino, eta horma-irudiaren fatxadaren gaineko jarduketa barne (bozketan parte hartu duten ia %20k hori mantentzea proposatu dute), "irabazten duen proiektuagaz harmonian eta higiezinaren jabeen komunitatearekin bat etorriz", udal-arduradunek zehaztu dutenaren arabera.
Lanak datorren urteko maiatzean hastea aurreikusi da, eta abenduan amaitzea. Baterako jarduketarako aurreikusitako aurrekontua 1,8 milioi eurokoa da.