Lehen hilabetean, zikloak hiru emanaldi hartuko ditu, eta lehena joan den urriaren 7an izan zen, Iholdi Beristain kantautorearen eskutik. Etzi, hilaren 14an, aldiz, Valentina Ridolfi (ahotsa) eta Haritz Laboa (gitarra) bikotearen txanda izango da, estilo eta hizkuntza desberdinetako abestiak formatu akustiko eta intimista batera egokitzen dituena. Urriko hirugarren eta azken emanaldian (21ean), zikloak Iñigo Astiz eta Jon Basaguren hartuko ditu, eOraindik, orain eta oraingoz errezitaldi poetiko-musikala eskainiko dutenak. Bertan, beren azken lan eta liburuetako abestiak eta poemak eskaintzeaz gain, artistek sorkuntzaren inguruko hausnarketak azalduko dituzte.
Azaroaren 4an, Afrika Bibang abeslariaren eskutik itzuliko da Bakarka. Artista algortarrak Nomadak bere azken laneko abesti batzuk interpretatuko ditu, soul, R & B eta Hip-Hop erritmoak konbinatuz. Bere disko berriaren aurrerapena ere eskainiko du, Emakumeak abestia aurkeztuz.
Azaroaren 18an, Noa & The Hell Drinkers hartuko du zikloak. Noa Eguiguren abeslaria buru duen laukoteak Musika beltzaren eraginak nahasten ditu, eta nazioko eta nazioarteko blues eszenako erreferentziazko artistakaz partekatu dute agertokia hainbat jaialditan (Hondarribia, Benicàssim, Tolosa, Burlata, Heineken Jazzaldia, Udazkena Blues...).
Abenduaren 2an, La Basu artista bilbotarra arituko da, rap femeninoaren erreferente nagusia Euskal Herrian. 20 urte baino gehiagoko ibilbide musikalagaz, Jungla Urbana bere lehen taldea sortu zuen 90eko hamarkadan, eta Aneguria, Fermin Muguruza, Enkore, Rebeca Lane, Shadia Mansour eta Sara Hebe artistekin kolaboratu du, besteak beste. Gainera, Eskina Femenina proiektuaren arduraduna da, non hip hop kulturaren barruan artistei laguntza eskaintzen zaien.
Azkenik, zikloa abenduaren 9an amaituko da Sara Zozaya abeslari, konpositore eta multi-instrumentista gaztearen eskutik. Musika eszenan indar handiz agertu da musikaria estilo abangoardisten eta tokiko erritmoen arteko nahasketatik edaten duten soinuakaz. Duela gutxi Bat aurkeztu du, bere unibertsoa folk pop, lo-fi eta beat elektronikoko soinuakaz uztartzen duen lana, hain zuzen ere.