1.100 lagunetik gora batu ditu Itxarturen 38. Ibilaldi Neurtuak

Iker Rincon Moreno 2021ko urr. 13a, 09:44

Aurreko ibilaldi neurtu bateko artxiboko irudia. © ITXARTU

Eguraldi onak lagunduta, aurtengo Ibilaldi Neurtua arrakastatsua izan dela ondorioztatu dute Itxartu taldekoek. "Edizio honek eman dituen emaitzak azkenengo 38 urteotako onenengana hurbildu dira", nabarmendu dute. Izan ere, guztira, 601 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten Helduen proban, eta beste 200 neska-mutil baino gehiago Gaztetxoen mailan. Hala, antolaketan aritu diren Itxartuko kideak kontutan hartuta, ibilaldi biek 1.100 lagun bildu dituztela azpimarratu dute antolatzaileek.

Pandemia-garaiko Itxarturen lehenengo Ibilaldi Neurtua izan zen atzokoa. Ohi legez, urriaren 12an, heldu zein gazteentzako kirol-proba antolatu zuten, Algortako Batzokitik abiatuta, eta, nabarmendu dutenez, osasun-neurriek ez diote jendearen animoei aurre egin.

Helduek, Algortako Batzokitik abiatu zuten martxa, mailaka, goizeko 07:30etik hasita. Ondoren, Fadura, Iturgitxi, Sustatxa, Muñarrikolanda eta Berangon ibili dira; handik Azkorritik igaro ziren, Galea pasealekutik, Aixerrota, Arrigunaga eta San Nikolas gurutzatuta, Algortako Batzokira bueltatu arte.

Gaztetxoen ibilbidea ere leku beretik abiatu zen, 10:00etan, eta Musike Aurrekoa, Telletxe, Angel etorbidea, Getxoko Andra Mari, Hilerria, Galeako gotorlekua, Galeako pasealekua, Aixerrota eta Arrigunagaraino joan dira. Parte-hartzaile gazte guztiek antolatzaileen opari bana jaso dute, eta, ibilaldiak amaitzean, ibiltari guztiek –heldu zein gazte– gonbidapen bana jaso dute inguruko tabernetan edari eta pintxo bana hartzeko.

Guztira, 275 bikote baino gehiagok eta bakarka ibili diren 50 pertsona inguruk parte hartu zuten; hau da, 601 lagunek, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Gazteen kasuan, aldiz, 200 neska-mutil baino gehiago izan ziren, baina, beste horrenbeste umek parte hartu zuten laguntzaile moduan, "aurten izena eman behar ez zutenak". Kontuak horrela, denera, antolatzaileak kontutan hartuta, 1.100 pertsonek parte hartu zuten atzoko kirol-proban.

Sariketa

Adinez txikikoen ibilbideak ez zuen sailkapenik izan, bai ordea ibilaldi neurtu luzeak, 17 kilometrokoak. Hala, lehenengo hiru sailkatuak hurrengoak izan ziren:

  1. Julio Miranda Martinez eta Ines Rodriguez Gonzalez (Bilbo)
  2. Jon Beaskoetxea Zapirain eta Koldo Beaskoetxea Erauzkin (Bilbo)
  3. Ainhoa Illana Diez eta Aitor Ibarguen Uribarrena (Trapagaran)

Sailkapen osoa ikusteko, sakatu hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun