Aktorea

Patirke Mendiguren: "Pozik nago lortu dudanarekin, baina oraindik hainbat gauza ditut egiteko"

Ander Zarraga 2021ko urr. 14a, 17:30

Une honetan La Extraña pareja antzezlanagaz bira egiten ari da Patirke Mendiguren. © PATIRKE MENDIGUREN

Lanbide egonkorra alde batera utzi eta 35 urtegaz aktore izateko desira betetzeko ekinean hasi zen Patirke Mendiguren getxoztar aktore eta musikazalea. Hamar urte beranduago, antzerkian eta telebistako saio sonatuetan aritu da, eta, oraingoan, La extraña pareja antzezlanagaz etorriko da Getxoko Muxikebarri Antzokira. Bihar, urriaren 15ean, 19:00etan izango da, baina bitartean, beragaz egon gara bizitzari emandako bira horretaz gehiago jakiteko.

Barikuan Getxora bueltatuko zara La extraña pareja antzezlanagaz. Nolako antzerkia izango da? 

Komedia oso dibertigarria da, Neil Simonek 1965ean idatzi eta Broadway-en estreinatu zuen obra arrakastatsuan oinarritzen dena; gerora, horren egokitzapen zinematografikoa ere egin zuten Jack Lemmon eta Walter Matthau aktoreekin. 1985ean Simonek emakumezkoen bertsio bat idatzi zuen, eta guk horren egokitzapen bat egin dugu. Gure zuzendariak, Andres Rusek, istorio hori oinarri bezala hartu eta gaur egungo Madrilen kokatu zuen istorioa. Eguneroko egoera barregarrietan oinarritzen den komedia da, bost emakumez osatutako lagun talde baten gorabeherak kontatzen dituena. 

Oraingo honetan antzerki bategaz zatoz, baina telebistan ere asko aritu zara, zein lan nabarmenduko zenuke?

Momentura arte egin ditudan lanik garrantzitsuenak El embarcadero eta Los favoritos de Midas telesaioetan egin ditudanak izan dira, eta bietan pertsonaia politak egitea tokatu zait. Gainera, Los favoritos de Midas telesaioan Luis Tosar aktorearekin egin nuen lan, eta laster estreinatuko den Proyecto Emprerador saioan ere berarekin egon naiz. Esan behar dut oso esperientzia polita izan dela berarekin lan egitea, eta, gainera, lan horiei esker asko ikasi ahal izan dut.

Antzerkian eta telebistan egon eta gero, zeinetan sentitzen zara hobeto?

Une honetan telebista oso interesgarria iruditzen zait. Nik musika ikasi nuen, baina nire antzerkiko lehen esperientzia 1995eko Gabon gauean izan nuen, Olentzaro saioarekin. Aiala antzezleku zaharrean zuzenean publikoarekin grabatutako antzezlaneko aktoreetako bat nintzen; 20 edo 21 urte nituen orduan, eta hori izan zen nire lehen antzezlana, eta jolas baten moduan heldu nintzen horra. Aurretik eskolako antzezlanetan parte hartzen nuen eta musika ikasi nuen, baina ia nahi gabe bukatu nuen hor. Azkenean, antzezlekuarekin guztiz maitemindu nintzen, beraz, nire lehen maitasuna antzerkia izan zen. Gero, Hegoaldeko Amerikara joan nintzen hamar urtez, eta han enpresa batean lanean egon arren, beti egon naiz mundu artistikoarekin harremanetan: abesten, antzerkian… Duela hamar urte, Madrilera bueltatu ginenean, dena jokatzea erabaki nuen eta aktore lanetan sartu nintzen buruz buru. Une horretan, antzerkia ikasten hasi nintzen hutsetik. Harez geroztik, orain dela hiru urte, ikus-entzunekoetan sartzeko prestatzen hasi nintzen, mundu horrek ere asko erakartzen ninduelako, eta pixkanaka gauzak ateratzen joan dira. Ez da antzerkiaz aspertu naizela, baina hori ere probatu nahi nuen. Gainera, izurritean zehar ikus-entzunezko hainbat telesaio ikusi ditut eta horietaz guztiz maitemindu naiz.

Norbera ezagutzea berebizikoa da, izan ere, pertsonai bat egiten duzunean barrutik biluzik geratu behar zara, denetatik hustu eta pertsonaia horrekin bete.

Hamar urte egon zinen Hego Amerikan bizitzen, horrek zure aktore fazetari eragin dio?

Erabat. Nire ustez, aktore batek beharrezkoak dituen hainbat teknika eta ikasgai jasotzen ditu eskola batean, baina bizitza bera da gehien elikatzen zaituena; ingurua behatzea, jendea begiratzea nolakoa den, hori ere oso aberasgarria da aktore batentzat. Zenbat eta esperientzia gehiago eduki, orduan eta tresna gehiago izango dituzu pertsonaiak nola interpretatu behar diren jakiteko. Esperientzia pertsonalek ere asko gehitzen dute, noski. Bestalde, norbera ezagutzea ere berebizikoa da, izan ere, pertsonai bat egiten duzunean barrutik biluzik geratu behar zara, denetatik hustu eta pertsonaia horrekin bete.

Esan daiteke oraindino aktore hasiberria zarela industriarentzat, zein da une honetan zure helburua?

Nik telesail oso bateko pertsonaia bat egin nahiko nuke, baina oraindik ez da heldu aukera, eta hori lortzea ez da erraza. Hala ere, uste dut lortu dudanak balioa daukala eta garrantzitsua izan dela, beraz, esan behar dut meritua daukala hona heldu izana; 35 urterekin eta emakumea izanda aktore lanetan industrian sartzea lortzea, hain zuzen ere. Beraz, esan dezaket pozik nagoela lortu dudanarekin, baina oraindik hainbat gauza ditut egiteko, eta sentitzen dut gehiago lortu dezakedala. Hasieran, presio askorekin hasi nintzen, ez neukalako nomina bat, lehen bezala, baina gero txipa aldatu eta disfrutatzen hasi nintzen; ikuspegia aldatu nuen, eta, orain, gozatzen ari naiz, ikasten eta hobetzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun