GetxoExpress film-laburren jaialdia bueltan da

Ander Zarraga 2021ko urr. 18a, 12:26

Jardunaldiak urriaren 20an eta 21ean egingo dituzte, eta film-laburren lehiaketa 22tik 24ra. © GETXOEXPRESS

Urriaren 22tik 24ra bitartean Getxoko film-laburren jaialdia egingo dute, baina horren aurretik, urriaren 20an eta 21ean, ikus-entzunezko arloko hainbat jarduera prestatu dituzte; besteak beste, sektoreko aditu eta profesionalen hitzaldiak eta Nora filmaren proiekzioa egongo dira.

GetxoExpress film-laburren jaialdiaren itzuleragaz batera, aste honetarako, GetxoExpress PRO egitaraua ere aurkeztu dute antolatzaileek. Hala, eguazten eta eguen honetan, urriaren 20an eta 21ean, GetxoExpress PRO jardunaldiak egingo dituzte, ikus-entzunezkoen arloan esperientzia edo interes berezia duten pertsonei eskainitako ekintzakaz.

Lehen egunean, eguaztenean, Ana Hormaetxea gidoilariak berbaldia eskainiko du,ikus-entzunezko proiektuak nola aurkeztu eta saltzeko gomendioakaz. Gero, networking sesio bat antolatuko dute Elena Carridogaz, sektoreko ideia eta iritziak partekatzeko; berbaldiak Getxolanen izango dira, 18:00etan eta 19:15ean, hurrenez hurren.

Bigarren egunean, eguenean, Lara Izagirre zuzendariak zinema jasangarriago bat bilatzeko gakoak emango ditu. Ondoren, Izagirrek zuzendutako Nora filmaren proiekzioa egingo dute, eta, amaitzean, beragaz berba egin eta iritziak partekatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ekitaldia Muxikebarrin egingo dute 17:00etatik aurrera.

Jarduerak donakoak izango dira, baina bertaratzeko aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa izango da GetxoExpress jaialdiaren webguneko lotura honetan.

42 orduko film-laburrak

Beste alde batetik, urriaren 22tik 24ra bitartean, GetxoExpress Getxoko film-laburren jaialdiaren seigarren edizioa egingo dute. Horretan, parte-hartzaileek 42 ordu izango dituzte film bat idatzi, grabatu eta muntatzeko, jaialdiko antolatzaileek emandako gai baten inguruan. Irabazten duen film-laburrak 1.000 euroko diru-saria jasoko du.

Barikuan, urriaren 22an, aurtengo film-laburren gaia aurkeztuko dute, eta parte-hartzaileek domekara arte izango dute filma ekoizteko. Jaialdiaren helburuetako bat da parte-hartzaile guztiei aukeren berdintasuna eskaintzea, eta denbora mugatua izanik, beraien sormena eta originaltasuna erakutsi beharko dute.

Bestalde, 18 urtetik beherako gazteentzako, Gaztexpress lehiaketa ere jarri dute martxan, urriaren 22ra arte. Bertan, gazteek gehienez minutu eta erdiko luzera duen film-labur bat grabatu beharko dute, gai honen inguruan: jendeagatik eta planetagatik, elkarrekin aldatuko dugu mundua. Lotura honetan kontsultatu daitezke lehiaketa horretako oinarriak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun