Nire karpetatxoan arakatzen jarri, eta hara non aurkitu dudan 2016an idatzi eta gaur hona ekarri gura dudana: norenak dira kaleak? Egunerokotasun handiko gaia. Azken urtean, herrira hurbiltzean, sentitu dut kaleak kartutxeradun cowboy-entzat eta negozio-gizonentzat eginda daudela. Ezin kalean jan edo edan, ez zutunik egon, ez taldean berba lasai egin, ez plazan dantzatu, ez jolastu... ezin kalean arnastu! Pandemia aitzakia besterik ez da izan.
Getxon (eta Uribe Kostan oro har, nahiz eta zenbait herrik errazago duten), kaleen erabilera pribatizatzaile eta hiperkontrolatua aspaldiko kontua da. Postaleko herria izatearen zerga: argazki ederreko herrian, kaleak ez dira denonak. Horregatik, inoiz baino ezinbestekoagoa deritzot kaleen erabilera herrikoi, aske eta ez-pribatizatzailea aldarrikatzea.
Ez diezaguten esan osasun kontua denik; orain, ustez gure "osasunaz" arduratzen diren horiek ez dute inolako osasun irizpiderik izan urbanismo basatia bultzatu dutenean. Jai herrikoiak, Indabada, zuzeneko kultur emanaldiak, umeen jolas askea, poteo herrikoia, dantzaldiak... Inoiz baino beharrezkoagoak dira osasunaren izenean. Bestela, birikak sano dituzten baina ondokoaren begiradaz beldur diren zonbiak izaten amaituko dugu.