Getxoko Kultur Etxeak sorkuntzaren aldeko apustua indartu gura du

Erredakzioa 2021ko urr. 26a, 11:44

Getxoko Kultur Etxeak iaz abian jarri zituen kultura-sektoreari zuzendutako laguntza-programen aldeko apustua egin du berriz ere, eta hainbat arte-diziplinatako programazio-proiektuetarako diru-laguntzak emateko bigarren deialdia ireki du. Horregaz batera, laguntza-adar berri bati aurkeztu du, oraingo honetan ikusizko arteetara zuzenduta, Udaleko erakusketa-gune ezberdinetan erakusketak sustatzea helburu duena. Getxo Ekinez udal planaren barruan dauden bi ekimen horietarako proposamenak aurkezteko epea azaroaren 15ean bukatuko da.

Deialdien aurkezpenean, Xabier Paya Getxoko Kultur Etxeko zuzendariak adierazi duenez, ekimen horien bitartez "Getxok Sorkuntza polo izateko posizionamendu argia martxan jarri nahi du". Horren harira, azpimarratu duenaren arabera, "deialdien bidez, herritarrei laguntzak eskainiz, udalerritik kanpoko sortzaileak ere erakarriz, bitartekotza-prozesuak sustatuz eta egoitzen deialdiak sustatuz, Getxok kultura sorkuntzaren funtsezko zati gisa ulertzen duela erakusten du".

Programazio Artistikoaren deialdia askotariko diziplina artistikoetako proiektuak ekoiztu eta aurkezteko jarri dute abian: antzerkia, dantza, musika, zinema, umorea, bertsolaritza... Deialdi horren bidez, getxoztarrek sustatutako edo egindako proiektuak sustatu gura du Kultur Etxeak, eta horretarako 120.000 euroko aurrekontua izango du, proposamen bakoitzak gehienez 10.000 euro jaso ahal izango dituela. Horretan, egoitza fiskala Getxon duten pertsona fisiko zein juridikoek parte hartu ahal izango dute.

Bestalde, Ikus-Arteen Erakusketak Programatzeko deialdiari dagokionez, Irantzu Uriarte Kultur Etxeko presidenteak azaldu duenez, horren helburua da "Getxoko artistek euren lana eta eurek berorrek ezagutzera ematea, eta herritarrek getxotar artisten eta Getxon eginiko arteaz gozatu eta ezagutu, ideiaren hasieratik erakusketara arteko sormen-prozesua ikusita". Proiektuak Romo eta Algortako kultur etxeetako erakustaretoetan eta Algortako Azokako erdiguneko gondolan ikusgai izango dira.

Deialdira arte bisualakaz lotutako edozein diziplinatako proiektuak aurkeztu ahal izango dira, hala nola pintura, eskultura, argazkigintza, instalazioak edo bideo-artea. Deialdiaren aurrekontua 15.000 eurokoa da, eta hautatuko diren 25 proiektuetako bakoitzak 600 euro jasoko ditu.

Bakarka zikloa

Hilabete honetan ere Bakarka zikloa abian jarri dute, bertako musika suspertu eta Romo Kultur Etxeko programazioa indartzeko asmoz. Zikloak formatu txikiko kontzertuak proposatzen ditu, herriko talde eta artisten eskutik, "publikoarekiko hurbiltasunaren alde eginez". Eguenero egiten da, 19:00etan, eta estilo askotara irekita dago, gehienbat formatu akustikoan.

Abendura arte, pop, funk, blues, rock eta rap doinuez gozatzeko aukera eskainiko du, baita errezitaldi poetiko musikalaz ere. Azaroan, Afrika Bibang abeslariak (hilak 4) bere disko berria aurkeztuko du bertan eta Noa & The Hell Drinkers blues taldeak (hilak 18) bere ahots-kalitate bikaina erakutsiko du. Abenduan, berriz, euskal rap eszenako erreferente handia den La Basu kantaria (hilak 2) eta Sara Zozaya kantautorea (hilak 9) arituko dira. Saioetarako sarrerak daborduko eros daitezke Kultur Etxeko ohiko saltokietan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun