Getxoko alkatea den Amaia Agirrek eskertu nahi izan die probaren babesleei “surfaren munduan hain garrantzitsua den proba honen aldeko euren babesa. Hain zuzen Europako olatu handien txapelketa urtetsuena dugu hizpide. Mundu mailan ospetsuak diren olatu handien surflariek maite eta aintzakotzat hartzen duten lehiaketa bat zeinetara, urtez urte, itsu-itsuan etorri ohi diren argi berdea piztean eta Galeako itsaslabarren aurrean olatu handiak lehertzen hastean. Bide batez aurkezpen hau aprobetxatu nahi nuke eskertzeko eta aintzatespena adierazteko batzorde antolatzaileari, Getxo Surf Taldea, Euskal Herriko Surf Federazioa eta Getxo Kirolak partaide dituena. Zalantzarik gabe, Punta Galea Challenge lehiaketaren tradizioak eta honek pizten duen zaletasunak neurri handi batean zuen profesionaltasuna eta jarduketa egokia dituzte oinarri”.
Txapelketan parte hartuko duen Alberto Tito Ortega surflariak, berriz, Galeakoa mundu mailako txapelketa dela azpimarratu du, eta “olatu oso ona izan daitekeela, oso egun gutxi dituela. Urtean egun bat badago, hara joan behar dugu, ahalik eta gehien eman eta egiten dakiguna frogatu”.
Olatu handi eta egokienen zain
Aurreko ediziotan bezala, erakundearen helburua da hilabeteotan topatzea 5etik 7 metrora bitarteko altuerako olatu indartsuak bermatzeko baldintzak dakartzan egun egokia. Horrela, argi berdeagaz kontatu bezain laster, surflariei deituko zaie 3 egun lehenago eta bitarteko asko erabiliko dituzte, bai partaideek segurtasun baldintza onenakaz lehiatu ahal izateko baita Galeako ingurune naturalean, beste behin, 20.000 lagun batu daitezen ere. Beste urte batez, Getxoko Udalak doako autobus zerbitzua eskainiko du, ikusleak Bidezabaleko metro geltokitik Galeara eramateko.
Beste behin ere 24 izango dira lehiakide taldea osatuko duten surflariak. Erdia nazioartekoak izango dira; eta daborduko egiaztatu dute euren partaidetza egungo Punta Galea Challengeko txapeldunak, Lucas Chianca brasildarrak, Alex Bothelo portugaldarrak eta Pierre Rollet baionarrak, azken edizioko protagonista bikainak. Halaber, iragarri dutenez, aurreikusten dute Getxora etortzea Nic Lamb kaliforniarra eta Grant Twiggy Baker hegoafrikarra, olatu handiko zirkuituko kide historikoak, hala nola Antonio Laureano etorkizun oparoko gazte portugaldarra. Lehiakide zerrenda osatuko dute tokiko 12 surflarik; horien behin-betiko zerrenda hurrengo sei egunetan jakinaraziko dute, eta hautaketaz arduratuko dira batzorde antolatzailea eta surflarien kolektiboa.