Ahots eta errepertorioen aniztasuna da programa horren ezaugarri ezagunenetako bat. Zaleek konposizio klasikoak, garaikideak, herrikoiak eta musika erlijiosoa entzun ahal izango dituzte, besteak beste. Errepertorioen aberastasunaz gain, talde gonbidatuen kalitatea azpimarratu behar da, partaideak nazioarteko jaialdi eta zikloetan zenbait sari eskuratu dituzte eta. Halaber, nabarmendu behar da Anúna eta Sjaella taldeak aurtengo Tolosako abesbatzen lehiaketa ospetsuan hautatuak izan direla.
Zapatuan, urriak 30, zabalduko da Aste Korala, Anúnaren eskutik, 1987an Michel McGlynn konpositoreak sortutako ahots mistoen talde irlandarra, hain zuzen ere. Ordutik, taldeak ibilbide oparoa egin du, 17 album grabatu ditu, eta nazioarteko hainbat lehiaketatan ospe handia lortu du. Normalean, 14 abeslarik osatzen dute talde hori, eta McGlynnek berak moldatutako Irlandako antzinako eta Erdi Aroko musika interpretatzen ditu, pieza originalakaz batera.
Domekan, Sjaellaren txanda izango da. Alemaniako emakumezko ahots-seikotea da hori musika-aniztasuna jorratzen duena, eta bere errepertorio zabalak genero eta garai desberdinak hartzen ditu: antzinako musika, gospeleko espiritualak, musika tradizionala eta jazzeko standardak. Europako talderik moldakorrenetakotzat jotzen da, eta mundu osoko musika-jaialdi ospetsuetan parte hartu du, hainbat sari eskuratuz.
Azkenik, azaroaren 1ean, astelehenean, Leioa Kantika Korak borobilduko du aurtengo egitaraua. Basilio Astulez zuzendariaren ekimenez 2001ean sortutako 11 eta 18 urte bitarteko 45 gaztek osatutako formazioak haur eta gazteen hezkuntza musikala sustatzea du helburu, eta estatu eta nazioarte mailan ospe handiena duten haur abesbatzen artean dago; izan ere, esparru horietan arrastoa utzi du bere sonoritate eta musikaltasunagatik eta bere dinamika koreografikoengatik.