Hausnarketa bultzatzeko "Parentesiak" jardunaldiak antolatu ditu Getxoko EH Bilduk udagoien honetarako. Urriaren 28an hasi eta azaroaren 11ra bitartean, lau gai nagusi landuko dituzte: krisi ekosoziala, etxebizitza eskubidea, zaintzak eta tokiko ekonomia. Bertan, herri-mugimendu, erakundeetako ordezkari eta hainbat adituk parte hartuko dute.
Lehenengo parentesia krisi ekosozialaren erronkakaz lotuta egongo da. Urriaren 28an izango da, 18:30ean, Areetako elkartegian (Ogoño kalea, 1). "Osasun-krisia izan dugu denon ahotan azken hilabeteotan, baina ezin dugu ahaztu ate joka dugun beste krisi larri bat: larrialdi klimatikoa. Beharrezkoa da lehenbailehen urratsak ematea trantsizio ekologikorantz, sistema neoliberal eta basati hau iraultzea beranduegi izan baino lehen. Eremu lokaletik ere gure ekarpena egin dezakegu norabide horretan", azaldu dute antolatzaileek.
Hala, gaur, eguenean, horretaz guztiaz hausnartuko dute. Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak testuingurua kokatuko du; Eako alkate Iratxe Arriolak uraren kudeaketa publikoaz berba egin du (Busturialdeko Ur Patzuergoko presidente ohia izan baita) eta Hodei Rodriguezek Sukar Horia taldearen izenean irakurketa egingo du herri-mugimenduaren ikuspegitik.
Bigarren parentesia azaroaren 6an helduko da, 18:30ean Romo Kultur Etxean, eta zaintzakaz lotuta egongo da: "Zaintzak gure bizitzen sustengu nagusia dira, ekonomia eta pertsonen bizitzak eusten eta euren garapena bermatzen dute. Hala ere, askotan, gehien gutxiesten diren lan eta enpleguak dira. Getxon sektore honetan lan egiten duten emakume* asko daude eta askotan euren lan baldintzak urratuak izaten dituzte. Arazoa da Euskal Herrian, eta gure kasu zehatzean EAEn, ez daukagula zaintzak arautuko dituen sistema publikorik. Gai horretan arakatzera goaz!".
Azaroaren 6an, berriz, EH Bilduk irudikatzen duen zaintza sistema publiko-komunitarioa ezagutaraziko dute, eta baita etxeko langileen hitzarmen propioaren alde lanean ari diren LAB eta Trabajadoras no domesticadas-en esperientziak ere.
Hirugarren parentesian, etxebizitza izango dute berbagai. Azaroaren 11n izango da, 18:30ean, Fadurako areto nagusian. "Askotan esan dugu: etxebizitza da Getxok duen arazo larrienetako bat. Asko eraiki da gure herrian, landak txikitu dira, urbanizazioak sortu dira... dena espekulazioaren mesedetan. Getxon Euskal Herriko etxebizitzarik garestienak ditugu, 900 etxebizitza huts baino gehiago, pisu turistikoak ugaritzen ari dira... Badago beste modu batera kudeatzerik?", azaldu dute.
Karlos Renedo arkitektoak irakurketa orokorra egin ostean, esperientzia bi ezagutzeko aukera izango dute bertaratuko diren entzuleek: Usurbileko etxebizitza kolaboratiboak Agurtzane Solabarrietaren eskutik eta Bartzelonako La Morada LGTBI+ etxebizitzen errealitatea (online bidez).
Laugarren parentesia azaroaren 17an, 18:30ean, Villamonte Kultur Etxean izango da. "Gogor kolpatu ditu gure herriko hainbat sektore, tartean, dendari txikiena. Herri bizia nahi dugu, bertan bizi eta baita lan egiteko ere. Getxo 'lo egiteko' herri izatea nahi duten horretan, nola bultza dezakegu tokiko ekonomia ikuspegi sozialetik gure herrian?", galdetu dute koalizio abertzalekoek. Eta, galdera horri erantzuteko, hausnarketa bideratu gura dute Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideagaz eta Joseba Garmendia EHUko irakasleagaz. Horrez gain, Hernaniko zinegotzi Patxi Ibargurenek euren herriko esperientzia kontatuko ditu, tokiko txanponaren filosofia jarraituz.
Jardunaldien hizkuntza nagusia euskara izango da, baina itzulpengintza zerbitzua egongo da eskuragarri behar duenarentzat. Ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea.