Unitate bereko beste lurzati batean 58 etxebizitza proiektatu dituzte, eta, kasu honetan, araubideari dagokionez, alokairu orokorrekoak izango dira. Horien obrak datorren urteko irailean abiatuko direla aurreikusten da. “Lizentzia emanda dauka jada, baina hasiera atzeratu egin da, hainbat azterlan egin behar izan direlako Jabari Publiko Hidraulikoaren sektoreko araudiak zehaztutako uholde-arriskuko zerrendetatik kanpo geratzen direla bermatze aldera”, gaineratu du zinegotziak.
Venancioseko etxebizitza sustapena erosketatik alokairu orokorrera igaro da
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, oniritzia eman dio Udalbatzak Venancion aurreikusitako etxebizitzen sustapena erosketa orokorreko araubidetik alokairu orokorrekora aldatzeari. Gobernu autonomoagaz egindako lursailen trukatze baten ondorio da sustapena, 2019an onetsia. Sustapenean 54 etxebizitza proiektatu dira, eta horien oinarrizko proiektua idazten ari da gaur egun.
Lursailen trukatze horrek Sarrikobason 68 etxebizitza sustatzea ere hartzen du barne, alokairu orokorreko araubide beraren baitan. Kasu honetan, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren txostena falta da obra lizentzia emateko.
Puntu hori aurrera atera da EAJ, PSE-EE eta PP alderdien aldeko botoakaz eta EH Bilduren zein Elkarrekin Podemosen abstentzioagaz.
Eztabaida
Etxebizitzari buruzko bi puntuak eztabaidatzean, PPk babestu egin duen arren, honako hau adierazi zuen: “Lotsagarria da etxebizitzen bi sustapenek daramaten atzerapena”. Ildo beretik jardun zuen EH Bilduk, eta “HAPOren eta etxebizitza planaren atzerapena” salatu zuen: “Hausnarketarako gaia izan beharko litzateke etxebizitza sozialen atzerapen sistematikoa. Ez dago merkatuaren beharrizanei erantzuten dien etxebizitza politikarik, eta gazteen exodoak aurrera jarraitzen du, ez zaielako bermatzen etxebizitza eskubidea”.
Udal gobernuak, bestalde, honako hau adierazi du onetsitako proposamen bien harira: “Etxebizitza eskuratzeko arazoa konpontzeko edo arintzeko gure konpromisoaren erakusle dira, bereziki alokairuari dagokionez, zailtasunik handienak dituzten pertsonei irtenbidea emateko asmoz. Etxebizitzaren Euskal Legeak alokairuko etxebizitza administrazio publikoetatik garatzearen alde egiten du apustu, etxebizitza eskuratzeko gainerako erregimenak ahaztu gabe. Guztietarako eskaria dago Getxon. Horrenbestez, gure etxebizitza planak, HAPO hasieran onetsi ostean garatuko dugunak, alokairu sozialeko etxebizitza publikoa izango du, alokairu orokorrekoa eta erosketakoa; etxebizitza tasatua, etxebizitza librea, cohousing eta zuzkidura-bizitokiak herritarren eskariari erantzuteko”.