XII. Argia Ereiten Euskara Saria

Joserra Onandia: "Getxoko sari garrantzitsuena da niretzat. Galan askotan izan naiz, eta, oraingoan, seguru hunkitu egingo naizela"

Iker Rincon Moreno 2021ko aza. 3a, 10:48

Joserra Onandia, getxoztarra. © GETXOKO UDALA

Joserra Onandia getxoztarrak jasoko du datorren azaroaren 17an, eguaztenean, Argia Ereiten Euskara Saria. Aitortza horren bidez, euskara ikasteko eta euskaraz bizitzeko izan duen jarrera nekaezina aitortu gura dio Udalak, erretiroa hartu ondoren hainbat euskaltegitik pasa eta euskararen erabilera sustatzeko udalerriko eragileek eta elkarteek abian jarritako ekimen ugaritan murgilduta dagoelako, baita Mintzanet programan ere. Sariketa Muxikebarrin izango da.

Getxoko Udalak iragarri duenez, poz handiz jaso du Joserra Onandiak 2021eko Argia Ereiten Euskara Saria: "Getxoko sari garrantzitsuena da niretzat. Galan askotan izan naiz, eta, oraingoan, seguru hunkitu egingo naizela".

Onandiak bizitzan zehar euskara ikasteko hainbat saiakera egin ditu, bere “gainditu beharreko irakasgaia” izan delako beti, eta horregatik, duela 13 urte kontratista (Construcciones Onandia) lanaren erretiroa hartu zuenean, serio hartu zuen euskara ikastea, bere lehenengo zaletasuna delako. AEK, Jose Antonio Agirre ta Lekube eta udal euskaltegietatik pasa da, eta baita Labayrukotik ere, azken horretan bizkaiera ikasteko. Barnetegitan ere izan da, eta horregatik uste du euskara ikasteko euskaltegia dela toki aproposa. "Orain mintzapraktika egin nahi dut jubilatuok ez dugulako titulurik behar. Niri gustatzen zait euskara ikastea, euskaraz bizitzea eta euskararekin gozatzea".

Getxoztarraren emaztea eta lau seme-alabak euskaldunak dira, eta horregatik laguntza dira berarentzat, nahiz eta irribarrez aitortu emazteak batzuetan esaten diola "liburuek bezala" hitz egiten duela. Seme-alabak bere irakasleak izan dira beti,eta zortzi ilobakaz komunikatzeko euskaraz egiten du. Horretaz gain, gaur egun hainbat egitasmotan (Egizu, Bizarra Lepoan, ALBE….) parte hartzen du, oso lagungarritzat jotzen dituelako. Izan ere, bere ustetan, B1 maila lortu ondoren, mintzatu ahal izateko oso garrantzitsua da bestelako ekitalditan aritzea. Orain, Berbalagunaren hiru taldetan parte hartzen du, baita txangotan, Literaturaren Txokoan, IdaZaleen Txokoan ere, besteak beste. Bidebitarte txokoko bazkidea eta sukaldaria da, eta han Egizuren tailerrak, euskaraz mintzatzeko bazkariak, ALBEren ospakizunak… euskaraz mintzatzeko ahal duen guztia aprobetxatzen du. Itxarkantu taldekoak ere elkartzen dira bertan, eta beti esan ohi die adinekoentzat oso inportantea dela euskaltegian hastea, "medizina moduan alzheimerraren kontra".

Horregaz guztiagaz batera, Joserra Onandia Mintzanet proiektuan parte hartzen du ia hasieratik, duela 10 bat urtetik, euskara praktikatzeko beste aukera bat delako. Urteotan munduko toki desberdinetako 15 bat pertsonakaz online hitz egiteko aukera eman dio programak; berbarako, duela bost urtez geroztik Floridan bizi den Pedro Mari Sardui zesta-puntako pilotariagaz bizkaiera praktikatzen du, eta, astero, lau pertsonakaz ordubetez berba egiten du.

Beraz, teknologia berriek ere laguntzen diote euskaraz aritzeko, eta horren adibidea da orain lagun batzuekaz sortutako programa, laguntza moduan, euskararen gramatikagaz eta zalantzei buruzko informazioagaz, eta Skyperen bidez erabiltzen dute. Eskura dituen baliabide guztiak erabiltzen ditu Joserra Onandiak euskara hobetzeko, berak azaltzen duenez, “niretzat, euskaraz hitz egitea eta bizitzea oso garrantzitsua da, Euskal Herrian dugun altxor nagusiena delako euskara”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun