Getxoko 34 langabetu kontratatuko dira 24 udal proiektutarako. Pertsona horiek Lanbideren deialdian adierazitako talderen batekoak izan beharko dute. Hori dela eta, gutxienez, kontratatutakoen artean %40 emakume langabeak izango dira, % 30 Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren titularrak edo onuradunak, eta % 15 55 urtetik gorakoak.
Hauek dira eskatutako profilak: 12 administrari; 6 erdi-mailako teknikari (2 gizarte-hezitzaile; enpresetako aholkulari 1; publizitate teknikari 1; web orrien diseinatzaile 1; mikroinformatika-sistemetako teknikari 1); 6 merkataritzako administrari; 3 dokumentuen digitalizatzaile; 2 eraikinen mantentzaile; 2 herri-lanetako peoi; 2 pintore eta delineatzaile 1.
Azaroaren 15ean hasiko dira eskaintzak kudeatzen. Ezinbesteko baldintzak honako hauek izango dira: langabetuak izatea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea; lanposturako eskatzen den titulazioa edota prestakuntza izatea eta eskatutako okupazioan inskribatuta egotea eta Getxoko udalerrian erroldatuta egotea. Udalak kontratatu ahal izateko, Lanbidek diru-laguntzaren aldeko ebazpena eman beharko du.
Enpresentzako laguntzak kontrataziorako
Bestalde, Lanbidek diru-laguntzaren aldeko ebazpena eman arte, kontrataziorako laguntzen deialdi bat argitaratzea ere aurreikusita dago. Deialdi horretara 229.548 euro bideratuko dituzte.
Funts horiek tokiko enpresei zuzenduta daude, hiru eta sei hilabete bitarteko kontratuetarako, Getxon erroldatuta eta Lanbiden lan-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeentzat. Kontratu horiek 2021eko uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasita egon beharko dute. Gehieneko laguntza 3.000 eurokoa izango da 3 hilabeteko iraupena duen lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko, eta 6.000 eurokoa 6 hilabeteko edo hortik gorako iraupeneko lan-kontratu bakoitzeko. Lanaldi partzialeko kontratuak ere diruz lagunduko dira, gutxienez lanaldiaren % 50ekoak.