San Martin jaiak gogoan edukitzeko asmoz, Hezetasuna auzoko jai-batzordeak hainbat lehiaketa antolatu ditu azaroaren 12, 13 eta 14rako. Lehenengoa, auzoko taberna eta dendetara zuzenduta dago: dekorazio-lehiaketa. Hala, San Martin gaiaren inguruan, interesatuek euren lokalak apaindu beharko dituzte; "helburua da auzoa alaitzea", azaldu dute arduradunek.
Horrez gainera, ume eta nerabeei zuzenduta, jaietako ohiko marrazki-lehiaketa ere egingo dute. Urtero egindako ekimen hori berreskuratu gura izan dute oraingoan ere, "partaidetza handia izan ohi duelako". Hala, interesatuek WhatsApp bidez (647 729 524 telefono zenbakira) bidali beharko dituzte marrazkiak, izena eta adina jakinarazita; ondoren, jai-batzordeak irudiok sare sozialetara igoko ditu. Parte-hartzaile denek saria izango dute, baina, horrez gainera, sari bereziak ere banatuko dituzte, lau kategoriatan banatuta: 0-4 urte, 5-9 urte, eta 10-16 urte; horiek Ainhoa Ortells artista algortarrak epaituko ditu. 4. kategoria, aldiz, sare sozialetatik atsegin gehien jasotzen dituzten hiru marrazkiek jasoko dute saria.
Hirugarrenik, XLIII. Lapikoko txapelketa antolatuko dute. "Hau ere klasiko bat da gure jaietan. Ezin denez kalean ezer antolatu, ideia da bakoitzak etxean, ala txokoan, lapikoa egitea, eta gero argazkia eta kuadrillaren izena gure WhatsApp-era bidaltzea", azaldu dute. Jai-batzordeak sare sozialetara igoko ditu argazki horiek, eta atsegin gehien dituzten 3 lapikoak izango dira saridunak.
Azkenik, aurten lehenengo aldiz, argazki-lehiaketa bat antolatuko dute. Argazkiak auzokoak izan beharko dira, "baina orainekoak, ez dute balio iraganeko argazkirik", azpimarratu dute antolatzaileek. Horiek ere WhatsApp bidez bidali beharko dira, eta jai-batzordeak sare sozialetara igoko ditu. Aurrekoetan bezala, atsegin gehien dituzten argazkiak izango dira irabazleak.
Sarien banaketa Hezetasuna auzoan egingo den Aste Kulturalean izango da: marrazki-lehiaketa arazoaren 27an, goizeko 11:00etan. Beste hiru lehiaketena azaroaren 28an izango dira, goizeko 11:00etan; kasu denetan, sariok Arene kalean egongo den karpan banatuko dituzte.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!