Ramiro Pinilla V. Eleberri Laburren Lehiaketarako deialdia zabaldu dute

Erredakzioa 2021ko aza. 9a, 11:32

Ramiro Pinilla lehiaketako joan den edizioko irabazleen talde argazkia. © GETXOKO UDALA

Getxoko Kultur Etxeak abiarazi du Ramiro Pinilla V. Eleberri Laburren Lehiaketa, idazle ospetsuaren memoria mantendu eta literatura-sorkuntza bultzatzea helburu dituen ekimena, hain zuzen ere.  Horregaz batera, Txiki Baskardo Haur Kontakizunen V. Lehiaketa ere abiatu dute, DBHko 1. mailako ikasle getxoztarren artean sorkuntza literarioa sustatzeko asmoz.

Lehiaketan parte ahal izango dute egoitza Espainiako Estatuan dutenek, edozein dela ere haien nazionalitatea. Euskaraz zein gaztelaniazko lanak aurkeztu ahal izango dira eta horien luzera 80 eta 120 orrialde artekoa izango da. Testuak jasotzeko epea 2022ko otsailaren 18an amaituko da. Abuztuaren bigarren hamabostaldian epaimahaia bilduko da lanak aztertzeko eta sariak irailaren lehenengo hamabostaldian jakinaraziko dira.

Bi sari emango dituzte lehiaketan, euskarazko eta gaztelaniazko lanentzat, horietako bakoitza 6.000 eurokoa. Halaber, lana argitaratzeko 1.000 euroko laguntza ere jasoko dute irabazleek. Deialdiaren oinarriak www.getxo.eus/ramiropinilla webgunean daborduko eskura daitezke.

Txiki Baskardo lehiaketa

Eleberri laburren lehiaketaz gain, Txiki Baskardo Haur Kontakizunen 5. Lehiaketa abian jarriko da, Getxoko DBHko 1. mailako ikasleen artean literatura sorkuntza sustatzeko asmoz. Aurreko urteetan bezala, parte hartzeko bi modalitate egongo dira: ikastetxeen bitartez edo nork bere kabuz. Kasu bietan, finalean parte hartuko duten hautagaiak aukeratuko dira. Sari bat izango da hizkuntza bakoitzeko eta irabazleek tableta elektroniko bat jasoko dute. Halaber, finalistei diploma bat emango zaie eta baita Getxoko edozein liburu-dendatan liburuak erosteko 50 euroko txeke bat. Deialdiko arauak daborduko eskura daude honako esteka honetan: www.getxo.eus/txikibaskardo. Parte hartzeko epea 2022ko apirilaren 23an bukatuko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun