Errugbia atal eta modalitate guztietan sustatzeko asmoz, kirol horren lehenengo liga inklusiboa bultzatu du Euskal Federazioak, EAEko hainbat kluben laguntzagaz. Liga aste-akabu honetan hasiko da, azaroaren 13an eta 14an, eta lau taldek parte hartuko dute horretan: Getxo, Gaztedi, Hernani eta Uni Bilbao.
Euskal Federazioak azpimarratu duenez, errugbiak ez du diskriminatzen, eta pertsonak batu gura ditu baloi obalatu baten inguruan, askotarikoak. "Zelai baten gainean helburu berberak dituztenak batu nahi ditu, beren burua errespetatuz eta adibide hori jarraituz, aurkariak eta epaileak errespetatuz, zintzoak eta osoak izanik, joko garbia eta taldekideekiko eta aurkariekiko elkartasuna bilatuz".
Bultza Liga
Bultza Liga sei aste-akabuetan jokatuko da, zapatu-domeka honetatik aurrera; lehenengo eta azken jardunaldiak egoitza berean jokatuko dira, egoitza eta jokaleku berean. Lehiaketak iraun bitartean, ez da emaitzarik egongo, ezta sailkapenik ere, eta ez da finalik egongo. "Partida bakoitzari buruzko txosten bat argitaratuko da, eta bost neurriko baloi batekin jokatuko da", azaldu dute arduradunek.
Hala, lau taldeen arteko lehiaketa-sistema bi itzulira izango da, hau da: denak denen aurka. Talde bakoitzak 23 jokalari eduki ahal izango ditu, eta aldaketak libreak izango dira. Denbora biko partidak izango dira; lehena, 30 minutukoa, eta bigarrena, epaile eta taldeetako arduradunen artean adostutakoa.