Abenduaren 5era arte

“Haurren aurrean helduok heldu” euskara aktibatzeko ariketa abiatuko datorren astelehenean Getxon

Iker Rincon Moreno 2021ko aza. 18a, 06:21
Ekimenaren aurkezpena Getxon. © GETXOKO UDALA

Euskaltzaleen Topaguneak bultzatutako "Haurren aurrean helduok heldu" ekimena jarriko dute martxan datorren astelehenean, azaroaren 22an, Getxon. Guraso, zaintzaile, lagun, senide eta bestelako hezitzaileen arteko euskarazko praktikak sustatzeko izango da egitasmo berri hori, berton, Egizu eta Bizarra Lepoan elkarteek sustatuta, Getxoko Udalaren laguntzagaz. 

Abenduaren 5era arte iraungo duen esperientzia 0 eta 12 urte bitarteko umeakaz harreman zuzena duten eta hizkuntza transmisioan zein eredugarritasunean eragina duten herritar helduak dira ariketako xehe taldea. Horretarako, helduak eta umeak elkartzen diren inguru informaletan (parkeetan, eskola kanpoaldean, plazetan…) ekimenaren identifikazio seinaleak jarriko dituzte aipatutako pertsonei gogoratzeko umeakaz euskaraz hitz egitearen garrantzia.

Hartara, "Haurren aurrean helduok heldu" ekimenean gurasoen, zaintzaile eta bestelako hezitzaileen partaidetza ezinbestekoa izango da, parkean, eskola inguruan hizkuntza ohiturak moldatzeko. “Azaroaren 22tik abenduaren 5era bitartean, haurren erreferente garen Getxoko guraso, senide eta, oro har, helduok hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskara gehiago egiteko aukera izango dugu. Gure seme-alabek euskaraz egingo dute, helduon artean euskaraz egiten eta ondo pasatzen ikusten bagaituzte”, azpimarratu du Isabel Atxak, haurtxo baten amamak. Bere aldetik, Aitor Uribarrik, San Nikolas ikastolako irakasleak, gehitu du helduen arteko hizkuntza portaerak berebiziko garrantzia duela belaunaldi gazteek euskararen jabekuntza osoa izan dezaten, euskararen eta haren balio sozialaren gaineko oharmen positiboa osa dezaten eta erabilera arau normalak barnera ditzaten: "Belaunaldi gazteengan eragitea eta haiek euskara normaltasunez erabiltzea lortu nahi badugu, helduok badugu zeresana eta zeregina. Ekimenaren bidez, hain zuzen ere, horretan eragitea da asmoa: euskararen transmisioa, misio posiblea delako”.

Jarduerak

Getxon ariketa praktikoa egiteko identifikatutako hainbat gune izango dira, hala nola udalerriko eskola guztietako sarrera-irteerak; Fadura eta Gobelako kiroldegiak; Iturgitxi, Gernika, Malakate, Santa Ana eta Bidezabal parkeak eta San Nikolas, Telletxe eta Bidezabalgo plazak. “Gune horietan guztietan, ekimenaren iruditegia duen elkartze-puntu bat egongo da eta ariketari nolabaiteko babesa eta ikusgarritasuna emateko, parte hartzaile helduek pegatina bat jarri beharko dute. Horrez gain, ekimenean parte hartzen duten helduak aktibatzeko ekintza desberdinak antolatuko dira. Esate baterako, azaroaren 26an eta abenduaren 3an helduen arteko ginkanak egingo dira Malakaten, San Nikolas plazan eta Santa Eugenia plazan, eta tailerrak eta jolasak ere. Kaleko eta eskoletako espazioez gain, etxea ere izango da ariketa egiteko gune”, amaitu du Mikel Astorki Bizarra Lepoan elkarteko kideak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun