Abian da "Getxo Txukun 2021" parte-hartze prozesua

Erredakzioa 2021ko aza. 18a, 07:11
Iradokizunak aurkezteko postontzietako bat Santa Anan, artxiboko irudian.

Azaroaren 18tik abenduaren 8ra bitartean (biak barne), "Getxo Txukun "programa parte-hartzailearen edizio berri bat egingo du Udalak. Oraingo honetan, Negurin egin beharreko obra txikietarako aurrekontuagaz garatu daitezkeen iradokizunak aurkeztu ahal izango dira. Honako kale hauek mugatzen duten esparruari buruzko iradokizunak jasoko dira: Makaleta Etorbidea, Avanzada Etorbidea, Neguri Etorbidea eta Aiboa Etorbidea.

Ainhoa Galduroz Alvarez Partaidetza zinegotziak prozesuan parte hartzeko deia egin die Neguriko bizilagunei. Izan ere, esan duenez, “horrek lagunduko digu bertatik bertara ezagutzen inguru hori leku hobea izateko dituzten kezkak edo beharrak”. Galdurozek gogora ekarri duenez, iradokizunak online egin ahal izango dira parte hartzeko prozesuetarako berriki gaitutako “Zeugaz” plataformaren bidez, edo aurrez aurre, buzoietan utzitako ebakigarria horretarako jarritako postontzietan jarriz.

Aurrekoetan bezala, prozesu honetan ez dira sartuko honako jarduera estrategikoak: (kaleak, parkeak edo/eta auzoak berriz guztiz urbanizatzea); ekipamendu handiei lotutako eskaerak (kiroldegiak, igerilekuak, kultur zentroak, etab.); teknikoki edo/eta ekonomikoki bideragarriak ez diren proposamenak edo Udalaren eskumenekoak ez diren esku hartzeak.

Epea amaitu ondoren, iradokizun guztiak teknikoki kuantifikatu, aztertu eta baloratuko dira, lehentasunak ezartzeko, eta gauzatu daitezkeen proposamenen esku-hartzeen egutegia ezarriko da.

Iradokizunak online egiteko, "Zeugaz" plataforma erabiliko da. Paperean jasotako proposamenak online plataforman sartuko dira. Inoiz ez dira datu pertsonalak sartuko eta bistaratuko. Prozesu horren emaitzak emaitzen txosten batera eramango dira, online plataformaren bidez eskuragarri egongo dena eta inguruko etxeetara ere postontzietan jarriko dena.

Nola parte hartu

Prozesu honetan parte hartu ahal izango dute iradokizunak jasoko diren eremu mugatuan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsonek. Iradokizunak aurrez aurre edo online aurkeztu ahal izango dira.

  • Online: “Zeugaz” plataformaren bidez (aldez aurretik erregistratu behar da): https://zeugaz.getxo.eus/?locale=eu
  • Aurrez aurre: iradokizunak aurkezteko, horretarako editatutako ebakigarrian idatzi beharko dira (getxo.eus webgunean ere deskarga daiteke eta inprimatu) eta jarri diren hiru postontzi gorrietako edozeinetan utzi: Makaleta Etorbidearen eta Los Tilos kalearen arteko bidegurutzean, Tejera kaleko parkean (Metroko irteera) eta Zumardia kaleko parkean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun