Doinua: bart ametsetan amona xar bat
Putzuak heldu dira hirira,
putzuak heldu basora.
Uda guztia pasatu dugu
lainotik eta lainora,
hainbeste euri uda garaian
ezin dezaket gogora...
udazkenean, berandu baina,
eguzkia helduko da?
Sasoi batetik hona munduan
dena dago hankaz gora.
Ispiluaren munduan, beraz,
dena dago alderantziz,
eskubideak: unibertsalak,
eta jende mota anitz;
jende guztiak ez du lekurik
Ispilu-munduan, berriz:
torerorik ez, eta zezenak
basoetan libre dabiltz;
hemen hobeto bizi gintezke
dena holakoa balitz.
Baina zerbaitek gure artean
hartu omen du indarra,
eta norbera bizi da gero
balitz bezala bakarra;
bazterrak garbi bitez euriak
egin beza barra-barra,
aurreiritzi barik bidean
gazte-zaharra, eme-arra…
bakean bizi nahi dugu eta
beste bati jo adarra.