Abian “Getxotik Mundura Mundutik Getxora” ekimen solidarioaren XXIV. edizioa

Erredakzioa 2021ko aza. 25a, 06:18

Algortako azokan jarritako "Mendebaldeko Sahara ez da kazetarientzako herrialdea" izeneko erakusketagaz, abian da Udalak, hainbat entitateren laguntzagaz, antolatutako "Getxotik Mundura Mundutik Getxora" ekimen solidarioaren XXIV edizioa, Getxoko herritarren elkartasuna eta konpromisoa ospatzeko. Erakusketa abenduaren 3ra arte bisitatu ahalko da; gainera, abenduaren 28ra bitartean, hainbat ekimen egongo dira indarrean udalerrian.

Saharari buruzko erakusketa datorren abenduaren 3ra arte bisitatu ahal izango da Algortako azoka barruan. Bestalde, abenduaren 28ra arte, Bidezko Merkataritzako kakao eta kafea dastatu ahal izango da, ekimenagaz atxikitutako udalerriko 40 establezimendutan. Azaroaren 29an, 19:00etan, Bidezko Merkataritzako txokolatearen dastaketa birtuala etxetik izango da, aurretik izena emandakoek etxean jasotako loteagaz.

Muxikebarri Antzokian, azaroaren 28an, "25 urte eta gehiago Elkartasunean" ekitaldia egingo dute, Pro-Sahara ATFAL, Ayuda MAS, ICLI, Entre Amigos-Lagun Artean, Grupo de Misiones de San Martin de Tours, Ecca Romo, Perualde-Pertsonalde eta Zabalketa entitateak zoriontzeko, txirotutako herrialdeetan duela 25 urte baino gehiagotik egindako lanagatik. Sarrera gonbidapenaren bidez izango da.

San Martin de Tourseko Misioetako taldeak antolatutako ohiko arrastelu solidarioa abenduaren 13tik 19ra egongo da zabalik, elizako beheko aldean.

Gainontzeko erakusketei dagokienez, abenduaren 4tik 22ra Unesco Etxearen Unite 4 Heritage erakusketa bisitatu ahal izango da Gobela kiroldegian; azaroaren 25etik abenduaren 18ra, San Martin de Tourseko Misioetako taldearen Kanseniako lurra eta jendea: berdintasunean hezitzen, elizan bertan, eta  abenduaren 17ra, SolidaridUp proiektuaren Lankidetzari irekitako leihoak udalerriko saltokitan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun