Gobela ibaiaren gainezka egiteko arriskuaz ohartarazi dute auzokideek

Iker Rincon Moreno 2021ko aza. 29a, 06:40

Gobela ibaia bart, Larrañazubi aldean. © GOBELA IBAIA ELKARTEA

Getxoko Udalak Babes Zibilaren 0 fasea eta Krisi Mahaia aktibatuta dauka domekako 15:00etatik gaur, asteleheneko, 09:00etara, euriteengatik. Gaur goizaldean, 05:00-06:00ak alderako, Larrañazubi aldeko auzokideek ohartarazi dute Gobela ibaiak gainezka egin duela inguru horretan, eta salatu dute ez dela udaltzainik egon gune kritikoetan. "Maila 2,15era heldu da, baina azkenengo orduetan jaitsi egin da, 2,07 metrora", azaldu dute sare sozialetatik.

 

Alkatetzak Babes Zibilaren udal Plana, 0 fasean, abian jarri du eta Krisi Mahaia deitu ere, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak alerta laranja iragarrita baitu, hilaren 28ko, domekako 15:00etatik hilaren 29ko, asteleheneko 09:00etara bitartean, prezipitazio handiagatik.

Aurrekoetan bezala, euria handiagatik, Udalak Gobela ibaiaren gertukoak zainduko ditu, behar izatekoetan, neurri egokiak hartzeko.

 Gomendioak

  • Ez utzi ibilgailurik ez eta kanpin egin ibilgu lehorretan edo ibaien ertzetan. Gerta liteke urak bat-batean gora edo gainezka egitea.
  • Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.
  • Ahal baduzu, ez hartu autoa. Bidaiatu beharra baduzu, ahal duzula, ibili errepide nagusi eta autobideetatik, eta ikusi ezinik bazabiltza, gelditu leku segururen batean.
  • Erretiratu urak eramateko moduko gauza guztiak, batez ere, kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.
  • Begiratu inguruko hustubideak ondo dauden.
  • Ez irten mendira eta aire libreko irteerak saihestu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun