Doinua: Ursus tibetanus
Begira gure proiektu ederra,
ez du fruiturik izango!
Begira gure lurren promesa,
hortik ez dugu ezer jango!
Gure herrialde honetan bada
hamaika alor holango;
gure behorra ugalkor barik
suertatu zaigu mando,
balizko errotak irinik ez du
sekula ere emango.
Gure kultura eraikitzeko
izan genuen irrika,
horrexen alde herritar batzuk
elkartu gara aldika.
Gobernariek, aldiz, non dute
ilusioa jarrita?
Tresnak maltzurki lorrinduz dabil
legeen erretolika,
eta sasiek janda daukagu
gure hizkuntz politika.
Euskalgintzaren alorrak badu
maiz halako utzikeria,
martxan hasteko behar genukeen
babesa dugu nagia.
Borondatea dugu lehenik
lan ororen ataria,
baliabide materiala
behar den makineria;
belar gaiztoak erausi ezkero,
baietz landa izan joria!