Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

Etorkizuneko jauzia

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao Sarria 2021ko abe. 3a, 09:48

Ate-joka dugu 2021eko Euskararen Nazioarteko Eguna. Egia da, bai, gauza askotarako baliatzen dugula egun hori, besteak beste, euskaraz bizi nahi duen herri-gogo sendoa eta indartsua dagoela erakusteko. Gainera, zalantzarik ez komunitateak are harroago erakutsiko duela aurten bizi-gogoa, iaz garai honetan bizi genituen murrizketak gogoan.

Hori horrela izanik ere, uste dut egun horrek egoerari buruzko hausnarketa egiteko ere balio beharko ligukeela, bai eta ifrentzua zein den identifikatzeko ere. Nik esaldi batera ekarriko nuke geure egoera: euskaldunok ez ditugu bermatuta euskara eroso erabiltzeko baldintzak.

Hau da, herritarrok hizkuntza erabiltzeko hautuari determinazioz eusten badiogu ere, ez dugu bermatuta hautua. Hortaz, ez da nahikoa herritarrok ahalduntzea, eta, beraz, ezin da hizkuntzaren berreskurapen-prozesuaren zama guztia herritarren bizkarrean utzi.

Aitzitik, hizkuntza-politiketan jauzia egiteko garaia da; euskararen erabilera erosoa bermatzea ipar izango duten politikak behar dira. Eta ehundik gora eragilek badugu adostua, Batuz Aldatu dinamikaren bidez, zein diren helburu horretara iristeko norabidetzeak: ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilera erosorako espazioak sortzea.

Hartara, balio beza aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunak komunitatearen ahalduntzeaz harago, hizkuntza-politiketan jauzia egiteko beharra gizarteratzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun