“Gabonetan, Getxo aukeratu” kanpainak kaleak, merkataritza eta ostalaritza dinamizatuko ditu eta jarduera programa zabala osatuko du

Erredakzioa 2021ko abe. 3a, 19:51

Getxoztarrek eta bisitariek disfrutatu ahal izango dute Getxoko Udalak eta hark laguntzen dituen hainbat erakundek elkarlanean “Gabonetan, Getxo aukeratu” lelopean antolatutako jardueren programa zabal batez; jarduera horiek kaleak, merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko dira, lana eta familia bateragarri egiten laguntzeko eta mota guztietako jendeak gozatzeko, batez ere haurrek eta gazteek.

Aurten, 110 merkataritza-establezimenduk parte hartzen dute Gabonetako kanpainan. Getxoko lau artistak (Esti Amo, Belén Lucas, Alex Orbe eta Tesa González) egindako laminak argitaratu dira, tirada mugatuko irudiakaz, eta doan emango zaizkie parte hartzen duten saltokietako bezeroei, erosketak egin ondoren. Laminek Mikel Martinez argazkilariaren hiru irudi dituzte. Ekintza hori zuzenean lotuta dago Sustapen Ekonomikoa egiten ari den bultzadagaz, sormen- eta kultura-sektoreagaz lotutako ekonomia balioesteko eta ikusarazteko. Bestalde, eta “Garrantzitsuena beti eskura” izeneko tokiko erosketarako sentsibilizazio-kanpainari amaiera emateko, aurten kanpainan laguntzen duten establezimenduek erosketetan erabiltzeko poltsak banatuko dituzte.

Getxo Enpresaren XXXI. Erakusleiho Lehiaketa

Gabonak iristear direla, Getxo Enpresak Getxoko erakusleihoen lehiaketa tradizionala antolatu du; aurten bi berrikuntza gehitu ditu: batetik, sariak banatuko zaizkie erakusleiho gogokoenagaz selfieak edo bideoak egin eta Getxo Enpresako eta dendako sare sozialetan elkarbanatzen dituztenei; bestetik, mapa interaktiboa ere prestatu dute, erakusleiho fisikoaren sarian hautagai diren saltokien irudiekin, proposatutako ibilbideen bidez bisitatu ahal izateko.

Urtero, 150 saltoki inguruk ematen dute izena erakusleiho fisiko eta erakusleiho birtual onenaren sariak eskuratzeko. Epaimahai profesional batek aztertuko ditu hautagaitzak abenduaren 10etik 15era, eta banatu beharreko dozenaka sariak ebatziko ditu.

Romo Bizirik

Romo Bizirik elkartean Itzubaltzeta/Romo eta Pinuetako 80 negozio baino gehiago biltzen dira, eta aurten 1.500 euro baino gehiagoko balioa duen produktuen lote handi baten zozketan parte hartzeko txartelak banatuko ditu bezeroen artean. Kanpaina horregaz bat egin duten saltokietan egindako erosketa bakoitzean zozketa horretarako txartel bat oparituko dute. 10.000 txartel prestatu dituzte, eta abenduaren 21era arte edo txartelak bukatu arte banatuko dituzte bezeroen artean. Lote osoa txartel irabazle bakarrari emango zaio, hain zuzen ere abenduaren 22ko Gabonetako ezohiko zozketako lehen sariaren azken lau zifrakaz bat egingo duen zenbakiari.

Kaleak dinamizatzeko beste jarduera batzuk ere antolatu dira. Hala, abenduaren 23an, Olentzerok eta Mari Domingik kalejira egingo dute txistulariakaz 19:00etatik 21:00etara. Horrez gain, bi pertsonaia ezagunek auzo horretako sei etxe bisitatuko dituzte; elkarteko saltokiko bezeroen artean egingo den zozketa bidez hautatuko dira etxe horiek. Hilaren 28an ere kalejira egingo dute, 12:00etatik 14:00etara, Romoko Musikan eskolarekin, gabon kantak eta bestelako doinuak abestuz. Azkenik, hilak 29, ipuin kontalaria izango da Romo Kultur Etxean 18:00etan.

Algortako Dendak

Bestalde, aurtengo Gabonetan Algortako Dendak elkarteak saltokietako erakusleihoak Gabonetako apaingarri komun batekin apainduko ditu; ekimen honetarako esklusiboki sortutako apaingarria izango da, eta Algortako artista gazte eta Arte Ederren ikasle June Gutiérrezek diseinatuko du. Gabonetako diseinu hori, gainera, kanpainako irudi gisa ere baliatuko da, eta Algortako saltokiak bereizi eta identifikatzeko balioko du.

Bestalde, etxeko txikienek Olentzero Magikoa ere izango dute, Olentzero birtualaren alboan jarri eta argazkia ateratzeko fotomatoia, alegia. Emaitza gisa lortuko duten argazkia etxera eraman eta Gabon zoriontsuak opatzeko erabili ahalko dute. Ostiralean izango da, hilak 17, 18:15ean Bidezabalgo plazan, baita zapatuan ere, hilak 18, 12:15ean Algortako Txiki Otaegi plazan.

Oparitu euskaraz

Urtero bezala, 2021eko Euskarazko Produktuen Katalogoak euskarazko eskaintzari buruzko informazio osatua jaso du, zazpi kategoriatan banatuta: musika, liburuak, aldizkariak, DVD filmak, jostailuak eta jolasak, komikiak eta gurasoei zuzendutako produktuak. Katalogoak bi atal ditu: bata 12 urtera arteko haurrei zuzendutakoa, eta bestea 12 eta 16 urte arteko gazteentzat. Udalak katalogoaren 1.000 ale banatu ditu, eta ikastetxeetara 4.000 gutun informatibo igorri ditu, ikasleen artean banatzeko, DBHko ikasleei zuzendutako 1.700 markagailugaz batera. Interneteko bertsioa, www.katalogoa.eus, mugikor eta tabletetarako egokituta dago. Udalerriko 8 liburu dendek egitasmo honegaz kolaboratzen dute eta produktuak bertan daude salgai. Informazioa: www.katalogoa.eus. Getxoko liburu denda kolaboratzaileak: www.getxo.eus/euskara.

Getxolandia

Getxolandia Getxoko Umeen Gabonetako Parkeak zenbait atrakzio eta jolas gerturatuko dizkie haurrei abenduaren 17tik urtarrilaren 6ra, Areetako Xake plazan. Euskadiko Ferialari Autonomoen Elkarteko atrakzio ugari izango dira bertan. Lehen astean (abenduaren 23ra arte), elkarteak parkea goizez irekitzea edo ez erabakiko du, jende kopuruaren edo eguraldiaren arabera, besteak beste. Izan ere, egun horietan haurrak oraindik eskolan egongo dira. Arratsaldez martxan egongo dira.

Olentzeroren kalejira eta Errege Magoen desfilea

Olentzero antolatzeko batzordeek eta dantza taldeek zenbait jarduera egingo dituzte abenduaren 18an, 23an eta 24an, auzoaren arabera. Kalejiren ibilbideen eta beste jardueren berri izateko udal webgunea bisita daitezke: www.getxo.eus/euskera.

Horrez gain, Errege Magoen desfilea Getxora itzuliko da urtarrilaren 5ean, eguaztenean, bi ibilbidegaz. Lehena Andra Mari eta Algortatik igaroko da, eta 17:30ean abiatuko da. Bigarrena Areeta-Romon izango da, eta 19:30ean hasiko da. Bi horietako bakoitza bukatzean harrera egingo zaie Errege Magoei Algortako Andrés Isasi Musika Eskolan eta Romo Kultur Etxean, hurrenez hurren.

Antzerkia eta abesbatzen kontzertuak Muxikebarrin

Muxikebarriko antzerki eskaintzaren barruan El beso eta Tartufo lanak eskainiko dira. Lehena hilaren 18an izango da, eta Isabel Ordazek eta Fernando Molerok antzeztutako tragikomedia izango da. Bestalde, hilaren 29an, Molièren klasikoan inspiratutako Tartufo antzezlaneko protagonista nagusia Pepe Viyuela aktorea izango da. Bi obrak 19:00etan eskainiko dira.

Horrez gain, bi abesbatzen kontzertuak ere Muxikebarrin eskainiko dira. Abenduaren 19an, igandea, Orfeoi Donostiarrak Carl Orff konpositore alemanaren obra gorena interpretatuko du, Carmina Burana. Bestalde, Biotz Alai abesbatzak Gabonetako kontzertu tradizionala eskainiko du hilaren 23an. Emanaldi horretarako gonbidapenak Muxikebarri eta Romo Kultur Etxean izango dira eskuragarri. Bi emanaldiak 19:00etan hasiko dira.

Haurrentzako ikuskizunak

Horrez gain, haurrentzako zein gazteentzako Gabonetako eskaintza ere Muxikebarrin eskainiko dute. Abenduaren 26an Euskal Telebistako telesail ezagunean oinarritutako Go!azen 8.0 ikuskizuna eskainiko da; bi saio egingo dira, 16:30ean eta 19:30ean. Hurrengo egunean, hilak 27, El origen del hielo emanaldia eskainiko da 18:00etan; Disney-ren Frozen lan ezaguna omentzen duen musikala da. Azkenik, abenduaren 28an, ordu berean, Crusoe lana programatu dute, Daniel Defoeren obra ezagunaren egokitzapena, Markeliñeren eskutik.

Gabonetan haurrentzako zikloa

Eskolako oporrak direla medio, Romo Kultur Etxeak Gabonetan zikloa antolatu du; haurrei zuzendutako zenbait jarduera izango dira, eta goizez egingo dira, 12:00etatik aurrera. Abenduaren 22an zirku eta malabarismo ikuskizuna programatu da, eta hurrengo astean, hilak 29, Magia Parrastan ilusionismo ikuskizuna. Bestalde, hilaren 30ean Jon Braun txotxongiloen ikuskizuna eskainiko da, eta zikloa Katalinen bila ipuin kontalariagaz bukatuko da.

Playmobil erakusketa

Abenduaren 8tik urtarrilaren 8ra, Algortako Bihotz Alai plazak Getxoclick erakusketa hartuko du; Playmobileko zenbait diorama biltzen dituen erakusketa da, eta AESClickagaz kolaborazioan antolatu dute, Playmobil Bildumagileen Espainiako Elkarteagaz batera, alegia.

Andres Isasi Musika Eskolako jarduerak

Larunbatean, abenduak 4, Areetan, Andres Isasi Musika Eskolan hainbat musika estilorekin gozatzeko kontzertua eskainiko da, Masiompa taldearen eskutik; larunbatean, hilak 11, Bidesariren aldeko ongintzako ekitaldia eskainiko da Gospel Bilbaorekin batera, eta hilaren 18an, larunbata, musika garaikidearen txanda izango da, Desert Rose taldearen kontzertuaren eskutik. Horrez gain, hilaren 14an, asteartea, Saint-Saënseri buruzko hitzaldi ilustratua antolatu da, Mercedes Albainaren eskutik. Jarduera horiek guztiak 19:30ean hasiko dira.

Bidenabar, abenduaren 16an eta 20an Gabonetako entzunaldiak izango dira Areetako Musika Eskolan eta Muxikebarrin, hurrenez hurren, eta Raíz Tradicionaleko taldeak Olentzeroren bidelagun izango dira Getxoko auzoak bisitatzean.

Gabonak Kukupraka ludotekan eta GauEgun eta GureGune gaztelekuetan

Udal ludotekako jarduerak Romo Ikastetxera lekualdatuko dira, eta bertan 5 eta 11 urte arteko haurrentzako aisialdiko hainbat jarduera egingo dira, tailerrak, jolas kooperatiboak, hainbat motatako dinamikak, eta abar. Aurten bi txanda ezarri dira; alde batetik, abenduaren 24an, 27an, 28an eta 29an, eta, bestetik, abenduaren 30ean eta 31n eta urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean. Jardueren ordutegia 10:30etik 13:30era izango da. Inskripzio epea dagoeneko bukatu da.  Horrez gain, Romoko GureGune Gaztelekuak eta Algortako Gauegun Gaztelekuak Gabonetako jarduerak egingo dituzte abenduko zenbait egunetan; programazioari amaiera emateko Bilboko Umeen Gabonetako Parkera irteera egingo dute hilaren 29an.

Udalaren babesagaz antolatutako beste jarduera batzuk

Gabonetarako euskarazko kultura eskaintzaren barruan Salaketa antzezlana taularatuko dute abenduaren 9an, Azebarrik antolatuta, Mikel Martinez eta G. Chamizoren eskutik (gonbidapenak hemen: azebarri@gmail.com). Abenduaren 12an, Bertso Eskolak antolatuta, ALBE Gala egingo dute, eta, Balendin Enbeita Lehiaketako sari banaketagaz batera, eskolako programazioari amaiera emango zaio. Hilaren 15ean eta Egizu elkarteko Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak antolatuta, Oihane Amantegi idazleagaz batera solasaldi literarioa egingo dute Azebarrin, Ibaiertzeko ipuina hizpide hartuz (Gonbidapenak: www.egizu.eus). Hurrengo egunean, hilak 16, euskararen munduaren inguruan Egizuk eta Azebarrik elkarregaz antolatutako "Euskal(e)gintza gaur" izenburuko hitzaldi zikloa bukatuko da; azken hitzaldian ekonomia sozialari eta euskarari buruz hitz egingo dute. 

Bapiruke negulekuak

Bizarra Lepoan elkarteak Bapiruke euskarazko negulekuak antolatu ditu, berriz ere, 5 eta 12 urte arteko gaztetxoentzat. Jarduerak Algortan (50 plaza) eta Itzubaltzeta/Romon (30 plaza) egingo dituzte. Abenduaren 27tik 31ra eta urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean izango dira, 09:00etatik 13:30era; txango egunetan 09:00etatik 17:00etara izango dira. Inskripzio epea dagoeneko itxi da. Informazio gehiago hemen: 94 491 03 87, info@bizarralepoan.eus eta  www.bizarralepoan.eus .

Kirol jarduerak

Kirol eremuan, Getxon honako ekitaldi hauetaz gozatu ahalko da:

- Andra Mariko Krosa. 2021/12/26. Urteko azken igandean egiten den ekitaldi klasikoa da; Andra Mariko kiroldegia izango du abiapuntu eta helmuga. Aurreko edizioa 2019ko abenduan egin zen, eta ia mila parte hartzaile elkartu ziren. Informazioa: www.itxas-argia.com

- San Silvestre. 2021/12/31. Bi urte eta gero, pandemiaren ondorioz etenaldia egin ondoren, Getxoko San Silvestre itzuli egingo da.   Bizkaia Zubiaren inguruko ibilbidearekin esango dio agur urteari. Informazioa: info@trirunners.com

- Getxoko Gabonetako Itsas Lasterketa 2021/12/31. Ereagako hondartza eta Portu Zaharra berriz ere lotuko ditu. 400 metroko distantzia izango da eta Gabonetako giroa izango da bai irteeran, bai helmugan. Informazioa: info@getxoiw.com

- Itziar Lopez Uralde Memoriala 2021/12/19. Hogeita hamazazpigarren edizioa Getxoko kaleetan zehar, haurrentzat ere prestatutako ibilbidearekin. Irteera eta helmuga, ohi bezala, Faduran izango da. Informazioa: getxoatletismoa@gmail.com

- Haszten zumba inklusiboa 2021/12/23. Kirol egokitu eta inklusiboko Haszten elkarte getxotarra zumba inklusiboko jardunaldi bat antolatu du Gobelako kiroldegian. Informazioa: hasztenkirola@gmail.com

-Kirol campusak Faduran, Gobelan eta Andra Marin  Aurten 14 campus antolatu dira, besteak beste, eskubaloia, patinajea edota hockeya praktikatzeko. Datak, adinak eta bestelakoak kontsultatzeko Getxo Kirolakeko Gabonetako informazio atalera jo behar da: https://www.getxo.eus/es/getxo-kirolak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun