Gobela ibaia normaltasuna berreskuratzen ari da

Erredakzioa 2021ko abe. 10a, 09:26

Larrañazubi erreka normaltasunera bueltatu da gaur goizean.

Atzo arrastian, 16:00 eta 17:00ak aldera, Getxoko Larrañazubi eta Bolue inguruan Gobela ibaiak eta inguruko errekek gainezka egin zuten arren, egunak aurrera egin ahala euri zaparradak baretuz joan ziren eta, apurka-apurka, ur-emaria lehengoratzen hasi da.

Eguenean, goizeko 09:00etan, aktibatu zuen Getxoko Udalak alerta laranja euri-jasa handiengatik, eta gaur arrastiko 15:00ak arte egongo da aktibatuta. Zaparraden ondorioz, Gobela ibaiaren ur-emaria kritikoki handitzen joan zen atzo eguerdian, eta maximoa 16:30ak aldera jazo zen, 2,13 metroko altueragaz -joan den azaroaren 29an, antzeko alerta zegoenean, ur-emariak 2,16 metroko altuera izan zuen-; ordutik, euriteak baretzen hasi ziren eta, ondorioz, arroaren ibilgua lehengoratzen hasi da. Orduotan, 09:00etan, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren behaketa-estazioaren datuen arabera, ur-maila 1,06 metrokoa da Larrañazubiko estazioan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun