Jone Uria lehiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean, zapatuan

Erredakzioa 2021ko abe. 14a, 18:47

© BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Getxoztarragaz batera, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Etxahun Lekue Etxebarria, Gorka Pagonabarraga Agorria, Nerea Ibarzabal Salegi, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa lehiatuko dira zapatuko finalean, Bilbao Arenan. Txapelketa arrastiko 17:00etan hasiko da.

Finalera heldu aurretik, ibilbide luzea egin du Bizkaiko Txapelketak. 2020ko maiatzean jokatzekoa zen Udaberriko Fasea irailean jokatu zuten, eta udazkenekoa, aldiz, 2021era atzeratu behar izan zuten.

2021ko urrian hasi zuten atzeratutako txapelketa, eta sei kanporaketa jokatu dituzte, 36 bertsolariren parte hartzeagaz. Finalaurrekoetan, zortzi bertsolari zeuden zain, 2018ko finalistak, eta kanporaketetatik sailkatutako 10ekin batu ziren. Horietatik guztietatik, zortzi arituko dira finalean, tartea, Jone Uria getxoztarra.

Txapel-jartzaileak: Joseba Etxebarria eta Moises Enbeita

Lehenengo bider, lagun bik batera jantziko diote txapela Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari. Horrelaxe ibili dira urte luzeetan Joseba Etxebarria eta Moises Enbeita: elkar eta taldean beharrean.

Bizkaiko Txapelketako Talde Antolatzailearen erabakia izan da. Biak dira urte luzez talde horren parte eta, aurten, eurak omentzea erabaki dute beste kideek. Elkartetik urte guztiotan egindako ekarpena azpimarratu gura izan dute. Izan ere, nabarmentzekoa da bertsolaritza zelan ulertu eta transmititu duten, jardun kolektibo moduan. Eta hori hain ondo ulertuta, taldeari egin dioten ekarpena ere, azpimarragarria da: Elkarteko zuzendaritzari eta, bereziki, Txapelketako Talde Antolatzaileari.

Biek batera txapela janzteagaz taldean egiten denak duen balioa azpimarratu eta sinbolizatu gura izan du Elkarteak, eta hori biek erakutsi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun