Maskotak adopzioan emateko kanpaina berria abiatuko du datozen egunetan Getxoko Udalak

Erredakzioa 2021ko abe. 27a, 13:48

Getxoko Udalak beste kanpaina bat antolatu du etxe-animaliak jasotzeko udal-zerbitzuaren egoitzan dauden txakur eta katuak adopzioan emateko. Kanpainak, aurrekoetan bezala, “Ez erosi, adoptatu!” goiburu bera dauka eta bere helburua da kalean aurkitu eta familia baten zain dauden maskotei bigarren aukera bat ematea.

Aurreko urteetan bezala, maskotak jendaurrean erakutsiko dituzte hiru egunez udalerriko hiru tokitan adopzioan emateko: astelehenean, urtarrilak 3, Algortako San Nikolas plazan; martitzenean, urtarrilak 4, Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan; eta eguaztenean, urtarrilak 5, Areetako Xake plazan. Ordutegia 10:00etatik 14:00etara izango da hiru egunetan.

Aldi berean, Udalak kartel bat prestatu du, non Getxon jasotako txakur eta katu guztiak ikusten diren, bakoitzari dagozkion izena, adina, arraza eta izaerari buruzko datuakaz. Ia guztiak lagunkoiak dira, zerbitzuan emandako kalifikazioaren arabera.

Kartelean gomendio bat ere jasotzen da, hain zuzen ere, kalean txakur bat aurkituz gero zer egin jakiteko: etxera ez eraman eta Udaltzaingora (94 466 02 02) edo Ingurumen Arlora (94 466 01 91) deitzea gomendatzen da. Etxe-abereak jasotzeko zerbitzuak hartuko du animalia identifikatu eta bere jabea aurkitzeko ardura.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun