Udal-gobernuaren arabera, proposatutakoa da indarrean dagoen araudiaren egokitzapena, "diru-laguntzei buruzko lege-aldaketak egon baitira". Hala, helburua Udalak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten diru-laguntza guztien oinarriak homogeneizatzea ahalbidetuko duela nabarmendu dute agintariek. Testu berriak, besteak beste, arauketa osoagoa hartzen du barne eta araudia "hobetzen" du; horrez gain, berrikuntza gisa, hezkuntzari, kulturari, zientziari edo beste edozein alorri lotutako bekei edo sariei buruzko araubide espezifikoa txertatu du. Bestalde, lehiaren araubidean diru-laguntzak emateko izapide elektronikoak ezarri dira; hala, arintasuna hobetuko dela eta izapidetzeko behar den denbora murriztu egin dela nabarmendu dute. Horrez gainera, azaldu dutenez, administrazioen arteko elkarreragingarritasuna ezarri da herritarrei eskatu ez diezaieten beste administrazio batzuetan dauden dokumentuak aurkezteko; publizitatea eta gardentasuna bermatzen dira izapideetan; arauketa osoagoa hartzen du barne zuzeneko diru-laguntzetarako; diru-laguntzen plan estrategikoak arautzen ditu (Alkatetzari dagokio horiek onestea, legean jasotakoarekin bat etorriz); eta genero-ikuspegia txertatu du (hizkera ez-sexistaren erabilera), bai eta euskara sustatzeko neurriak ere.
Gobernuko arduradunek adierazi dute ordenantzaren idazketa udal-arlo eta erakunde autonomo guztien elkarlanaren eta koordinazioaren emaitza izan dela, lantaldea osatu zutela horretarako, eta ordenantzaren zirriborroa udal-talde guztiekin partekatu zutela.
Oposizioa, kontra
EH Bilduk puntu horri buruzko zuzenketa bat aurkeztu du, diru-laguntzen plan estrategikoa Udalbatzak onetsi dezan eta ez Alkatetzak. Elkarrekin Podemos taldeak, berriz, 11 zuzenketa aurkeztu ditu, hiru kategoriatan bilduta, generoaren nahiz jasangarritasunaren ikuspegia txertatzeko, herritarrentzat ulergarriagoa eta inklusiboagoa izan dadin; horrez gain, eskatu zuten Udalbatzari protagonismo gehiago emateko eta Alkatetzari gutxiago. Zuzenketa guztiak baztertu ditu Udalbatzak, gobernu-taldearen eskariz.
Diru-laguntzen plan estrategikoa, diru-laguntzen emakida eta deialdien onespenak Alkatetzaren ordez Udalbatzak onetsi ditzan eskatu zuten zuzenketei dagokienez, udal-gobernuak bermatu du ez datozela bat Toki Araubidearen Oinarrien Legeagaz, zeinak eskumen hori Alkatetzari ematen baitio.
PPk ez du zuzenketarik aurkeztu, baina berak ere kritikatu du "Udalbatzari eskumenak kendu izana", eta uste du, hortaz, "ezin daitekeela esan ordenantza honekin gaitasuna hobetuko denik, guztiz kontrakoa baita". Udal-gobernuak, horri erantzunez, adierazi du ezin daitekeela onartu Udalbatzaren eskumena justifikatzea gardentasun handiagoa egoteagaz, "Alkatetzaren zeregina Udalbatzarena bezain gardena baita".