Ana Bejerano Mocedades taldeko ahots bakarlaria zendu da

Ander Zarraga 2022ko urt. 3a, 11:07

Bejerano azken urteetan emandago emanaldi batean. © ANA BEJERANO

Abeslari getxoztarra 60 urte zituela hil zen domekan, Urdulizko ospitalean. Ezaguna zen Mocedades taldean 1985 eta 1994 urteen bitartean egindako ibilbideagatik, baina, horretaz gain, bakarlari moduan ere aritu zen hainbat alditan.

Ana Bejerano getxoztarra Mocedades taldeko abeslari bakarlaria izan zen 1985 eta 1994 urteen bitartean, Amaia Urangaren ordezkatuz; tarte horretan hiru disko grabatu zituen taldeagaz: Tienes un amigo, Ana y Miguel eta Las Palabras. Horrez geroztik, abeslari moduan jarraitu zuen, eta, besteak beste, Txarango taldea sortu zuen Roberto Uranga, Jose Ipiña Mocedadeseko taldekideakaz eta Amaya eta Javier Saizar Trigo Limpio taldeko kideakaz. Gerora, Bejeranok bakarlari moduan ere jarraitu zuen, eta 2019an, Mocedades taldera bueltatu zen 50. urteurreneko bira egiteko.

"Pertsona ona, lagun ona eta lankide hobea joan zaigu. Ziur gaude zeruan kantuan ariko dela berari gustatzen zitzaion bezala", argitaratu du Javier Garayk, Mocedadesko kideetako batek, bere sare sozialetan. Gogoratu duenez, "Amayak alde egin ondoren, Anaren ahotsak gure jarraipena ziurtatu zuen; ezinbestekoa izan zen Mocedadesentzat".

Abeslaria 60 urte zituela zendu zen atzo, urtarrilaren 2an, digestio-aparatuko arazo larri baten ondorioz. Abeslariaren ingurukoek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, hileta gaur, abenduaren 3an, izango da, 19:00etan, Areetako Santa Ana elizan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun