Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Getxoko udalerrian egoitza soziala duten irabazi asmorik gabeko kultur elkarteek, baldin eta Getxoko Erakundeen Udal Erregistroan inskribatuta badaude. Gura beste proposamen aurkeztu ahal izango dituzte, Kultur Etxeko programazio irizpideakaz bat badatoz, edozein hizkuntzatan eta gehienez bi orduko iraupenagaz. Proiektu horiek getxoztarren partaidetza izan behar dute, baita proposamenaren zuzendaritza eszenikoaren jatorrizko egiletza ere, argitaragabea zein antzeztua izan.
Guztira, 60.000 euro bideratuko dituzte gehienez deialdira, eta 5.000 euroko gehienezko gastua ezarriko dute proposamen bakoitzeko. Kultur Etxeko teknikariak arduratuko dira proposamenak ebaluatzeaz, eta horien artean gehienez 20 hautatuko dira. Proiektuak Ereaga, Arrigunaga edo Areeta aretoetan erakutsi ahal izango dira aurtengo martxotik abendura bitartean, betiere ohiko programazio-datak horretarako aukera ematen badu.
Kultur Etxeak proiektuen erakusketa-kostuak soilik ordainduko ditu, eta hautatutako elkarteak ikuskizunaren diru-bilketagaz geratuko dira, ikuskizunetarako sarrera doakoa ez bada. Taldeek eurek kudeatu beharko dituzte gonbidapenak edo sarrerak.
Nola aurkeztu proiektuak?
Proposamenak bide telematikoz bakarrik aurkeztu ahal izango dira, Getxoko Udalaren erregistro elektronikoaren bidez, eta deialdiari buruzko informazio osoa hemen dago eskuragarri. Gainera, ekimen honetan parte hartu gura duten erakundeei arreta emateko, Getxoko Kultur Etxeak bilera bat antolatuko du ekimenari buruzko zalantzak argitzeko eta hautatutako proposamenek hartuko dituzten espazio eszenikoak erakusteko. Bilera urtarrilaren 25ean izango da, martitzenean, bi saiotan: 18:00etan (gaztelaniaz) eta 19:00etan (euskaraz).