Familia Eskolaren ikastaro berriak abiatuko dituzte datorren astean

Erredakzioa 2022ko urt. 20a, 09:37

Datorren urtarrilaren 26an abian jarriko dira Getxoko Udalak antolatutako Familia Eskolaren ikastaro berriak, adikzio-jarreren arriskuak eta heziketa emozionala kudeatzen laguntzeko. Ikasturtearen amaierara arte jorratuko diren gaiak dira bullying; emozioen eta adimen heziketa, pantailaren erabilpena eta prebentzioa. Ikastaroak udalerriko heziketako zentroetako ikasleen familientzat dira, eta aurten Europa ikastetxean, Gobelaurre Boluntariotza zentroan eta Urgulleko udal-egoitzan eskainiko dira.

Doako ikastaroen iraupena bi saiokoa izango da, eta parte hartu ahal izateko aurretiaz izena eman beharko da Gurasoen Eskolen elkarteek edo eskolek bidaliko duten online inprimaki baten bitartez, edo gurasoeskolakgetxo@gmail.com helbidean ere eskatu ahal izango da. Informazio gehiago Seme-alabak argitalpenean, www.getxo.eus udal web gunean eta 944 660 151 telefono zenbakian dago.

Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziaren arabera, proiektu honen helburua da guraso getxoztarrei laguntzea, "beren seme-alabengan gaitasun pertsonalak, jarrerak, balioak eta bizimoduak gara ditzaten, adikzio posibleen arriskutik babesteko. Azken batean, seme-alabei jarrera egokiak helarazteko gaitzea, beraiek bizimodu positiboak eta osasungarriak izateko gaitasunak eskura ditzaten”. Ildo horretan, Diazek ikastaro horien garrantzia azpimarratu du, “arlo horietan sentsibilizazioa funtsezkoa baita gizarte justu eta berdintasunezkoa sortzeko”, eta familiak animatzen ditu “arlo horretan esperientzia handia duten profesionalek dinamizatutako tailer horietan parte hartzera”.

Ikasturtearen lehen hiruhilekoan, 2021eko urritik abendura bitartean, bost tailer (10 saio) egin ziren, 46 lagunen parte hartzeagaz (38 emakume eta zortzi gizon). Horietatik, 28 pertsonak lehenengo aldiz hartu zuten parte saioetan, aurrekoetan baino aita eta ama gehiagorengana heltzea lortuz. Gainontzekoek errepikatu zuten eta horrek ama eta aita batzuen fidelizazioa uzten du agerian, baita aurrez aurreko metodologiari buruzko balorazio positiboa eta asebetetze maila altua ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun