Getxoko PPk behin betiko konponbidea eskatu du Bizkaia Zubiko plazako arkupeetarako

Erredakzioa 2022ko urt. 20a, 13:33

Arkupeetako zoruaren egoera. © GETXOKO PP

Bizkaia Zubiko plazaren ondoko arkupeen egoera “behin betiko” konpontzea eskatu du Getxoko PPk; era berean, gobernu-taldeak joan den urtean jarritako adabakiak kritikatu ditu: “Ez dute ezer konpondu, eta ez dute konponduko bizilagunek aspaldi kritikatu duten arazoa. Behin betiko irtenbidea bilatzeko garaia da”.

Eduardo Andrade Getxoko PPren bozeramaileak azaldu duenez, 2021eko martxoko batzordean, Alderdi Popularrak arkupe horien kalteei buruz galdetu zuen, batez ere aspalditik altxatuta eta hainbat baldosa apurtuta daudelako. Galdera horren aurrean, eta batzorde horretan, PPk zabaldu duenez, Azpiegituretako zinegotziak ziurtatu zuen horren inguruko azterketa egiten ari zirela eta konponbidea emango ziotela, "inolako datarik zehaztu gabe".

Baina eremu horretako zoruagaz dagoen arazoa lehenagotik datorrela deitoratu du PPk, 2021eko urtarrilean bizilagunek haren egoera salatzen hasi baitzuten sareetan. Mezu horiek ikusita, Udalak erantzun zuen aurreikusita zegoela inguru horretan esku hartzea.

Halere, urtebete igaro da adierazpen horietatik, eta agintariek ezer egin ez dutela salatu dute popularrek. "Urtebete, azterketa horiek egiteko, arazoa konpontzeko, kalte guztiak konpontzeko eta horri buruz informatzeko nahikoa denbora. Baina ezertxo ere ez. Gobernu-talde honen eta EAJren utzikeriaren beste adibide bat da hau, Getxoko herritarrek zuzenean jasaten dutena", kritikatu du Andradek.

Horren aurrean, aitzakiak jartzeari uzteko, ekiteko eta benetako irtenbide bat bilatzeko eskatu du PPk. Horretarako, azaleko hormigoizko geruza kentzeko eta hasieran zegoen marmola berriro jartzeko eskatu du.

 

 

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun