Osoko bilkura

Getxoko parke eta lorategi publikoak kontserbatu eta mantentzeko zerbitzua 2,6 milioi eurogatik adjudikatu du Udalak

Erredakzioa 2022ko urt. 29a, 13:07

Getxoko Udalbatzak, gobernu-taldearen (EAJ eta PSE-EE) aldeko botoakaz, PP eta EH Bilduren aurkakoakaz eta Elkarrekin Podemosen abstentzioagaz, udalerriko parke eta lorategi publikoak kontserbatu eta mantentzeko zerbitzua adjudikatu du hurrengo lau urteetarako. Zenbatekoa 2,6 milioi euro baino gehiagokoa da.

Oposizioko taldeek gogor kritikatu dute adjudikazioa. PPren ustetan, “zerbitzu horrek ez ditu Getxok dituen beharrak asetzen”, eta EH Bilduk, aldiz, zerbitzu publikoak zuzenean kudeatzeko ereduaren alde posizionatu da eta  pribatizatzearen eredua salatu du, “beharrezkoa izango litzateke azterketa bat egitea, eredu eraginkorrena zein den jakiteko”. Bere aldetik, Joseba Arregik, Hiriko Ingurumen Zerbitzuetako eta Ingurumenaren Kalitateko zinegotziak, adierazi du zerbitzu berria "ematen den kalitatea hobetzen eta herritarren balorazio ona mantentzen" saiatuko dela; "2021eko ekainean egindako azken gogobetetasunari buruzko inkestan berretsi zen balorazioa, eta 7,2koa izan zena”.

Zerbitzuaren esparruak 252 berdegune (517.900 metro koadro) hartzen ditu barne, eta horietatik ehun berdegunetan ureztatze automatikoa dago daborduko, bai eta 14.000 zuhaitz baino gehiago ere (erdia berdeguneetan eta beste erdia kaleetan). Bolueko ur-geruzaren kontserbazioari dagokionez, kontratu horretatik ondorioztatzen da biodibertsitatean arreta gehiago jarriko duen ikuspuntutik jorratuko dela. Subrogatu daitezkeen langileen taldea 38 pertsonak osatzen dute.

Zerbitzuaren berrikuntzen artean honako hauek nabarmendu ditu Udalak: kudeaketa osoa eskaintzea Udalaren informazio geografikoko sistemaren bitartez; ureztatze-guneen telekudeaketa eta gune berriak automatizatzea, ur-kontsumoa gehiago murrizteko; asko erabiltzen diren gune jakin batzuetan robot baten bidez moztea belarra; teleeragindako 4x4 robot baten laguntzaz baliatzea irisgarritasun mugatua duten eta ezponda handiak dituzten guneetan; berdeguneei eta zuhaitzei buruzko lehenengo plan zuzentzailea egitea; eta inausketaren nahiz belar-mozketaren ondorioz sortutako hondakinak konpostatze-fabrikan erabiltzea.

Horrez gain, atal berrietako lantaldean emakumeak sartzeko betebeharra sartu dute, bai eta urtean gutxienez 20.000 euroko gastua egitea ere tokiko merkataritzan, beharrezkoak diren hornidurak, zerbitzuak eta materialak eskuratzeko. Eskuratu beharreko flotak eta makinek zarata-eraginak eta emisioak murriztuko dituzte, eta, besteak beste, mantenduko da bai herritarrei egiten zaien gogobetetasunari buruzko inkesta, bai urteko kontzientziazio-kanpaina antolatzea.

Mozioak

Mozioen dagokienez, testigantza-izaeragaz, bi onetsi dituzte osoko bilkuran. PPk aurkeztutakoa izan da lehenengoa, eta horren bidez eskatu du La Avanzadako parkea (Lezama Leguizamón) erabiltzen dutenen lasaitasuna eta segurtasuna bermatzeko argiztapen-sistema eraginkorra eta nahikoa ezarri dadila. Udal-gobernuak gogorarazi du 2021ean 558.587 euro inbertitu zirela Getxoko argiteria publikoan, mozioan aipatutako gune zehatzean urteak daramatzatela jarduten eta 2022ko aurrekontuko partidan aurreikusi dela eremu horretan esku hartzea.

Onetsitako bigarren mozioak, Elkarrekin Podemos taldearenak, eskatu du Udala konprometitu dadila Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) laguntzakaz bateragarria den laguntza-lerroa sortzera, taxien flota ibilgailu elektrikoak izateko trantsizioan laguntzeko eta elektro-gasolindegiak jartzeko taxien geraleku guztietan; hori guztia, bost urteko epean flota osoa berritu ahal izateko eta karga-puntuak izateko.

Jendearen eskarien eta galderen atalean, Andra Mari Gure Lurra auzo-elkartea bere interesak defendatu ditu Getxoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurrean, eta  udalerriko gazteen egoeraz ere hitz egin dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun