Oposizioko talde nagusia den PPk eskubidez dagokion udalkidearen liberazioa galdu du. Izan ere, PP taldeko bozeramaile den Eduardo Andradek arduraldi esklusiboari uko egin dio Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramaile izateko, eta, horren ordez, bere udal-taldearentzako beste aholkulari bat izateko aukera eskuratu du; oposizioko beste bi taldeek, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, alegia, liberatu erdi irabazi dute, eta gobernuko bi alderdiak, EAJ eta PSE-EE, zeuden moduan geratuko dira. Orain arte, oposizioko udalkideen liberazioak honela zeuden banatuta: PP taldeak 3, EH Bildu taldeak 1, eta Elkarrekin Podemos taldeak 0,5; bada, hartutako erabakiaren arabera honela geratuko dira: 2, 1,5 eta 1, hurrenez hurren, Udalak zabaldu duenez.
PP eta Elkarrekin Podemos taldeen ustez, erabaki horiek "oposizioaren lan-baldintzak" hobetuko dituzte; alabaina, EH Bilduk salatu du "bidegabea" dela eurengana jotzeko modua eta proposatu du "aholkularien nahiz liberatuen kopurua jaistea eta soldatak murriztea". Talde horrek gai horri buruzko bi zuzenketa aurkeztu ditu, baina Udalbatzak baztertu egin ditu; ondorioz, koalizioak deitoratu duenez: "gastu publikoa urtean 75.000 euro handituko da erabaki honen ondoren".
Bestalde, udal-gobernuak adierazi du aldaketa horien bitartez erantzun gura zaiela PP eta Elkarrekin Podemos taldeek egindako eskaerei; legez egon daitezkeen behin-behineko langileen kopurua 25ekoa dela eta Getxo gehiengo kopuru horretatik oso urrun dagoela, eta jakinarazi du EH Bilduri "ahaztu zaiola behin-behineko langileak legez ezartzen direla udal-gobernuari bere zereginetan laguntzeko, eta oposizio gisa jarduteak dakarrena baino arduraldi handiagoa behar dutela. Hala eta guztiz ere, erabaki politiko baten bidez, planteatu da ere langile horietako batzuk oposizio-taldeen zerbitzura jartzea".
Koalizio soberanistaren iritziz, benetako "salerosketa alderdikoia" da, eta alderdi bakoitza ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatzen ari dela salatu du: "Azken batean, Udalak handitu egingo du politikarien gehiegizko gastua PPrentzat beste aholkulari bat jarriz, horretara behartuta ez zegoenean. Erabaki horrek, bestalde, legezkotasunari buruzko zalantzak sortzen ditu, Udalaren txosten teknikoek adierazten duten bezala".
EH Bilduk egindako proposamena
EH Bilduren proposamena da erabateko dedikazioa (edo lanaldi erdia, hala badagokio) duten zinegotziak hauteskundeetan lortutako emaitzekiko proportzionalki banatzea, "une honetan EAJk dagozkion liberazio gehiago baititu, Elkarrekin Podemosen eta EH Bilduren kalterako".
Soldatei dagokienez, koalizio soberanistak proposatu du alkatearen soldata % 20an murriztea –urtean 23.000 euro aurreztea esan nahi du–, eta dedikazioa duten zinegotzien ordainsariak aldatzea: Gobernu-erantzukizunak dituzten zinegotzien edo bozeramaileen eta ardurarik gabeko zinegotzien arteko soldata-bereizketa ezabatzea –gaur egun lehenengoek 70.000 euro urtean kobratzen dituzte, ardurarik gabekoek 55.000 euro urtean–, eta 50.000 euroko soldata ezartzea denentzat. Horretaz aparte, % 10eko gehigarria edukitzea kudeaketa erantzukizuneko zinegotziek. "Proposamen honekin 260.000 euro urtean aurreztuko lituzke Udalak", ondorioztatu du koalizio abertzaleak.
Era berean, aholkularien kopurua murriztea proposatu du: "Gure ustez, ez da beharrezkoa Gobernuak halakorik izatea, udal plantilla bere esku daukalako". Halaber, horien soldata %20an murriztea mahai-gaineratu dute, urteko soldata 47.000 eurotan ezarriz. "Proposamen honek urtean 187.500 euro aurreztea dakar udal kutxetan".
Azkenik, EH Bilduk proposatu du osoko bilkuretara eta batzordeetara joateagatik udal-soldatarik ez duten zinegotzien dietak % 20an murriztea, eta urtean 12.000 euroko muga kentzea, hori oposiziorako oztopo den heinean taldeen auto-antolaketarako. "Guztira, Euskal Herria Bilduren proposamenek urteko 470.500 euroko aurrezkia dakarkiete udal kutxei; gainerako taldeek onartuko dutena, berriz, urtean 60.000 euro baino gehiagoko gastua", azaldu du EH Bilduk.