Azkenengo urteetako arazoak areagotu egin zaizkielakoan, horiei erantzun bat emateko asmoz, martxan jarri da Algortako gazte talde bat. Joan den zapatuan, hilaren 29an, egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez, urteak daramatzate Getxoko Udalaren politika "hegemonikoarekin" erreta, "eta COVID-19ak sortutako osasun-larrialdiak erretzen gaituen su hori hedatu baino ez du egin".
Udalerriko etxebizitzen prezioen harira, gazteen emantzipatzeko aukerak urriak direla nabarmendu zuten, baita Udalak horrekiko duen jarrera "arduragabea" salatu ere. Halaber, gazteen egoera ekonomikoa eta alternatiben falta mahai-gaineratu zuten: "Langabezian ez dagoena, lan prekarioetatik ihes egin ezinik bizi da. Soldata urri, lanordu gehigarriak zein kontraturik gabe lan egitera behartzen gaituzue, eta jadanik suminduta gaude".
Arazo horiek berriak ez direla diote, "krisi ekonomiko batean hazitako" belaunaldia direlako. Hala ere, pandemiaren egoera honetan, azken bi urteotan gazteak kriminalizatu direla eta osasun-egoerak okerrera egin izanaren ardura eurengan jarri izana gogor salatu zuten zapatuan. Horrez gainera, gazteen osasun mentalean izandako eragina nabarmendu zuten, "pandemiaren kalte-ordainak gaixotasun mentalen intzidentziaren gorakadarako erregai izan dira eta".
"Egoera itogarri horren adierazlerik nabariena gazteok aisialdirako eta gure jardunak burutzeko dugun espazio eta eskaintza falta dela uste dugu. Saldu nahi izan diguten aisialdi eredua kontsumo hutsera bideratuta dago, eta horrek ez du gurearekin bat egiten", ondorioztatu zuten gazteek.
Kezka horiek plazaratzeko, joan den egueneko osoko bilkuran parte hartu zuten gazteek. Bertan, Udalbatzak eurakaz batzeko asmoa adierazi zien, aipatutako problematikei buruz aurrez aurre berba egiteko. Gazteek aukera hori begi onez ikusi dute, baina, halere, euren bideari ekingo diotela nabarmendu dute: "Ate hori zabalik utziko badugu ere, ez gara beraien zain egongo, esperientzian oinarrituta jakin badakigulako kea saltzen ari direla eta beraiek izan direla beti ate guztiak itxi dizkigutenak".
Hori dela eta, otsailaren 11n, mobilizazio bat egingo dutela iragarri dute gazteek. Arrastiko 18:00etan jarri dute hitzordua, Telletxe plazan. Horren bitartez, aipatutako arazoei irtenbidea emateko antolakuntza ezinbestekoa dela mahai-gaineratu gura dute, "baita Udalak herri-presioa senti dezan ere".