Egitasmoagaz kolaboratu gura duten pertsonek produktuak otsailaren 7ra arte udalerriko ikastetxeetan, edo otsailaren 15era arte Fadurako eta Gobelako kiroldegietan utzi ahal izango dituzte honako produktuak: arroza, atuna oliotan, azukrea, pasta, sardinak oliotan, lekaleak, konpresak eta helduentzako eta adingabeentzako oihalak.
Bildutako produktuak Sahararen aldeko Euskal Karabanaren bitartez bidaliko dituzte errefuxiatuen kanpamenduetara, horregaz kolaboratzen baitu ATFAL, Getxoko Sahararen aldeko Elkarteak, Getxoko Udalaren laguntzagaz. Karabana Fronte Polisarioak, Euskal Fondoaren Saharagaz koordinatzeko Unitateak eta herri sahararrekiko elkartasun elkarteek antolatzen dute.
"Beste urte batez, Karabanarekin elkarlanean arituko gara, errefuxiatuen kanpalekuetan duela 46 urtez geroztik bizi den saharar herriarekin dugun konpromisoa agerian utziz. Udala 1994az geroztik senidetuta dago Bir Ganduz dairarekin, eta ordutik hona elkartasuna adierazi du hainbat programa eta ekimenen bidez, hala nola, karabana honen bidez, dibertsitate funtzionala duten pertsonak hezteko laguntzen bidez edo Oporrak Bakean umeentzako programaren bitartez. Getxotarrei dei egin nahi diegu kolaboratzeko, sahararrek pairatzen duten elikadura-krisiari aurre egiten laguntzeko. Ziur nago getxotarrok beste behin ere erantzungo diogula dei horri”, adierazi du Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak. Bestalde, Julio San Roman ATFALeko kideak nabarmendu ditu “kanpamenduetan egun dauden behar handiak, pandemiak eta bere ondorioek larriagotuta, gainera”.