Hitzarmenean jasotako ekintzak garatzeko, Kultur Etxeak 12.000 euro bideratuko ditu, eta maiatzaren bigarren astean Muxikebarri Antzokian izango diren jardunaldiak egiteko beharrezkoak diren ekoizpen-gastuen zati bat bere gain hartuko du. Bertan, kultur sektoreko izen ospetsuak izango dira hizlari, eta publikoaren garapenaren inguruko hainbat alderdi aztertuko dituzte.
Jardunaldiakaz batera, maiatzaren 13an, kaleko arteen programa egingo dute Muxikebarri inguruan, publikoari hainbat sormen diziplina gerturatzeko. Programa horretan, gainera, Artekalek abiarazitako eta Kultur Etxeak finantzatutako deialdiaren barruan hautatutako bi proiektuak erakutsiko dira. Guztira, 5.000 euro emango ditu Kultur Etxeak 16 eta 25 urte bitarteko udalerriko auzokideakaz lankidetzan bi proiektu garatzeko. Proposamen horien bidez, Kultur Etxeak eta Artekalek proiektu artistikoetan herritarren parte-hartzea sustatu eta bultzatu gura dute, bai eta gazteen artean arteekiko eta kulturarekiko konpromiso soziala sortu eta kontsumo kulturaleko eredu berrietan sakondu ere.
Deialdiaren oinarriak Artekale eta Getxoko Kultur Etxearen webguneetan daude eskuragarri, eta otsailaren 27ra arte egongo da zabalik. Gazteen eta kulturaren arteko harremanean, publiko berrien sorkuntzan eta dinamika berrien bidezko parte-hartze kulturalean sakondu gura duten kaleko arteetako konpainia eta sortzaileei zuzenduta dago ekimena. Proiektu horiek inplikatzen dituzten herritar-taldeekiko lankidetza gutxienez bi astez garatuko da, proiektu horiek hasten direnetik kaleko arteen programan egingo den erakustaldira arte, eta horiek gauzatzeko erabilitako metodologiak bitartekaritza- eta baterako sorkuntza-prozesuak hartuko ditu.